Carlos Ormazabal: “Birziklatzea da Gipuzkoaren lehentasuna hondakinen kudeaketan”

Oñatiko kultura etxean emandako hitzaldi batean, Ormazabalek gipuzkoarrei konpromiso horri jarraitzea eskatu dio: “2008an % 39 birziklatzea lortu genuen, Estatuaren oso gainetik, % 14 izan baitzen bertan, eta baita Europaren %23ko batez bestekoaren gainetik ere. Gehien birziklatzen duten herrialdeen taldean gaude, argi eta garbi”.

Carlos Ormazabalek Gipuzkoako Hiri Hondakinen Planaren ildoak azaldu zituen, 2008ko abenduan Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartutako Pidrug Aurrerapen Dokumentuan jasotzen direnak. Esan zuen dokumentu horren arabera "Lapatx, Urtetas eta Sasietako zabortegiak 2013an itxiko dira. 2016an, hondakinen %60 birziklatuko dira, eta gainerakoa Zubietako Hondakinen Kudeaketa Zentroan tratatuko dute".

Konpostatzeari dagokionez esan zuen bosgarren edukiontzia gradualki zabalduko dela Gipuzkoako herrietan. Era berean esan zuen Lapatxeko planta laster handitu egingo dutela.

Bilketa sistemaren gainean azaldu zuen udalek erabaki beharko dutela zein hautatu: "Edukiontziak edo atez ateko sistema udal bakoitzak erabaki beharko du. Ez dago soberakinak suntsitzen dituen sistemarik. Hemen eta mundu osoan, beti geratzen da birziklatu ezin den soberakoa, eta horrek zabortegi edo erraustegietan amaitzen du". Foru aarduradunak esan zuen atez ateko sistemak asko garestitzen duela bilketa edukiontzien sistemarekin alderatuta. Kataluniako adibidea ipini zuen: "hamar urte daramate atez ateko sistemarekin, eta biztanleek %4k bakarrik erabiltzen du".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.