Bosgarren aldiz, "Bizkor" izan zen finena Oñatin

Txomin Madina Milikua 2008ko ira. 29a, 00:15
Hamabi txakur lehiatu ziren denera 49. Oñatiko Nazioarteko Artzain Txakurren Txapelketan. 2003az geroztik, behin bakarrik geratu da Bizkor garaipenik gabe.

Beste behin, Santa Lutziako belardiak izan dira Oñatiko Artzain Txakurren lehiaketaren 49. edizioko eskenatokia, eta   Euskal Herriko, Kataluniako eta Frantziako txapelketetan txapeldun edo azpitxapeldun izandako hamabi txakurrek hartu dute parte bertan.

Hiru proba egin behar izan dituzte denera, eta proba bakoitzean okerren ibilitako txakurrak kanporatzen joan dira. Hala, lehen probaren ostean, zortzik bakarrik jarraitu dute lehia, eta hirugarren eta azken frogan, lau izan dira garaipena lortzeko borrokatu direnak.

Azken emaitzak ikusita, lehen probatik igarri zitekeen zeintzuk ibiliko ziren lehiaketa irabazteko borrokan, izan ere, lehen momentutik nagusitu ziren: Aresoko Antonio Alustizaren Ttiki, Orozkoko Enrike Mendigurenen Riki, Abadiñoko Kepa Ardanzaren Izar eta IlarduiakoJoxe Mari Jauregiren Bizkor.

Berriz ere, Bizkor onena

Hirugarren proba izan da behin betiko sailkapena erabaki duena. Ordura arte,  Bizkor lehen postuetan ibili arren, beste hiruren atzetik ibili da. Baina artaldea eskortan sartzen eta berriz ateratzen egindako lan bikainaren ostean, puntuetan beste denak gainditzea lortu du. Azkenean, Bizkorrek 400 puntu lortu zituen, Izarrek 390, Ttikik 326 eta Rikik 324.

Marka historikoa

Gaurko garaipenarekin, bederatzi urte dituen eta arra den Bizkor eta bere jabe Joxe Mari Jauregi Oñatiko Artzain Txakur Txapelketaren historian letra larriz sartu dira. Izan ere, orain arte inork lortu barikoa lortu dute, lehiaketan bost alditan garaile izatea: 2004an kenduta, 2003az geroztik eurek eraman dituzte txapel guztiak.

Irabazleek, Nestor Basterretxearen eskultura bat eraman duten garaikur gisa, baita 260 euro eta hainbat opari ere.

Antolatzaileak, gustura

Joxe Mari Bengoa txapelketako antolatzailea gustura agertu da aurtengo txapelketaren mailarekin, bere esanetan, maila oso altua izan baita.  Bengoak onartu du urtetik urtera ikusle gutxiago biltzen dela txapelketan, baina baikor agertu da era berean, bere ustez, gerturatzen  diren ikusleak benetan txapelketa bizi eta ezagutzen dutenak baitira.

Atzoko txapelketan zehar gainera, artzain munduan egindako lanagatik Oñatiko udalak ematen duen Agirrebalzategi saria eman zioten  Pere Ambrós  artzain kataluniarrari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak