Bihar aurkeztuko du Jose Antonio Azpiazuk azken liburua

Maider Arregi 2008ko api. 20a, 15:45
Jose Antonio Azpiazu historialari oñatiarrak azken liburua aurkeztuko du bihar, apirilak 21, Donostiako Udal Liburutegian, 11:00etan. 'La empresa vasca de Terranova' da lan berriaren izenburua. Bertan, euskaldunak Ternuara eginiko bidaian (XVI.mendean) bizitako abentura, istorio eta mitoak jasotzen dira. Baina ezin da ahaztu bidaia horien helburua etekin ekonomikoa eta aberastasun zela. Honekin, Azpiazuk guztira 15 liburu idatzi ditu eta laster, beste liburu bat prestatzeko asmoa dauka. Izan ere, aurten 400 urte beteko dira Legazpi Seguratik bereiztu zela. Hemen duzue Asteleheneko Goienkariari emandako elkarrizketa:

 

Liburuan ze jasotzen da?
La empresa vasca de Terranova liburuan, Ternuaren inguruko mitoak eta abenturak kontatzen dira. Baina enpresa giroa ere jasotzen da. Jendea ez zen abentura bila joaten,izan ere, han izugarrizko aberastasuna ikusi zuten. Alde batetik bakailaoa zegoen eta bestetik balea. Balearen olioa asko saltzen zen Europan. Baita bere bizarra plastikoa egiteko orduan. Gainera, euskaldunak oso ausartak eta garai hartako marinel hoberenak ziren seguruenik. Mito modura ikustea erraza da. Baina ikusi behar da atzetik zer dagoen. Hau da, enpresa bezala joaten ziren, etekin ekonomikoaren bila.

Garapen ekonomikorako oinarrizkoa izan zen?
Bai, Euskal Herrian eta batez ere Gipuzkoan. Izan ere Gipuzkoan bi oinarri zeuden bata Ternua eta bestea burdina.

Bertara joandakoak heroi anonimoak ziren?
Bai. Mitifikatu ere egin dira eta era berean despertsonalizatu. Esaterako, 1576-77ko neguan izoztuta 300 euskaldunetik gora hil ziren arriskuari aurre egiteagatik. Instituzioek ordea, ez dute hori islatzen nahiz eta hildakoen senitartekoek gogoratu. Mitoa orduan etorri zen.

Liburuak anekdotak batu ditu?
Anekdota  mingarriak daude. Egoera gogorra Zen, izotza izugarria, natura bere gordintasunean. Eta hari aurre egiteko hemen girotutakoendako gogorra zen nahiz eta itsasora ohituta egon. Adibidez, baleak harrapatzerakoan balearen isatsak mugituta uretara erortzen baziren, 15 segundotan atera behar zuten  izoztuta ez hiltzeko. Beraien arteko borrokak ere bazeuden, baina itsasoa zen etsai nagusia.

Zein helbururekin idatzi duzu liburua?
Euskal Herriko XVI-XVII. mendeko merkataritzari buruzko tesia egin nuen. Bertan topo egiten duzu Ternuako merkataritza eta negozioarekin. Gainera, Juan Perez de Ocariz eta Juanes de Iarza oñatiar peto petoak itsasontziak zituzten Ternuara joateko. Asko idatzi da horren gainean, baina, enpresa mundutik beste ikuspegi bat nuen eta hari polita ikusi nuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak