Azpiegiturek faunan duten eraginaz hitz egin du Migel Mari Elosegik

Goiatz Arana Begiristain 2008ko ots. 26a, 17:06
Azpiegiturek animaliengan nola eragiten duten. Horixe azaldu zien Migel Mari Elosegi biologo eta basozainak atzo, astelehena, Oñatiko Natur Eskolan batu zirenei. Bere hitzetan, sortzen ditugun azpiegiturak hesi modukoak dira animalientzat, eta hori gainditzea ezinbestekoa da gure dibertsitatea kontserbatu nahi badugu.

Gero eta azpiegitura gehiago sortzen ari gara, ingurua eraldatzen, eta ez dugu aintzat hartzen horrek ze eragin duen faunarengan, baina animaliei mugitzea oztopatzen dien hesi moduko bat sortzen gabiltza, Migel Mari Elosegiren hitzetan. Ardiak, zakurrak, katuak, trikuak,… animalia asko hil egiten dira barrera horiek gurutzatzean eta pertsona batzuk ere bai. Hori saihesteko helburuarekin, hesia hain hesi izan ez dadin, munduko beste leku batzutan zertzuk asmatu dituzten kontatu zuen. Azpiegituren gainetik edo azpitik animaliei pasoa emanez, auto istripuak izateko arriskua txikituko litzateke bere ustez, eta neurri garestiak badira ere, epe luzera, fauna kontserbatzeko egokiak direla gaineratu zuen.

Hesia gainditzearen garrantzia

Kontzientziatzea falta zaigula esan zuen, soilik pertsonetan pentsatu dugulako orain artean, baina kezka sortzen hasi dela gehitu zuen. Beste herrialde batzuekin alderatuta, hainbat urtetako atzerapena daramagula ere adierazi zuen, baina pena litzatekeela gaurtik lanean ez hastea. Bere hitzetan, muga gainditzea ezinbestekoa da, gure dibertsitatea kontserbatu nahi badugu. Parke eolikoei eta zentral hidroelektrikoei lotutako azpiegiturak ere izan zituen hizpide, horiek ere barrera efektua sortzen dutela argudiatuta.

Hitzaldi gehiago Ingurumen Astearen barruan

Oñatin egiten ari diren Ingurumen Astearen barruan eman zuen hitzaldia Elosegik atzo, astelehena. Egunotan, beste hiru hitzaldi izango dira, baita film emanaldiak eta ipuin kontaketa saioak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak