Axularren hiztegiaren aurkezpena egin dute, euskaltzainburua bertan zela

Aintzane Irizar 2007ko ira. 15a, 20:30
Aita Villasanteren 'Axularren hiztegia' berrargitaratu du Laixan elkarteak. 1973. urtean argitaratu zuen Villasanteren lan hori Jakinek, Arantzazun; Laixanek, 'Iparraldea Oñatin' ekimenaren barruan argitalpen berria egitea erabaki zuen eta gaur, zapatua, eguerdian egin dute aurkezpena. Hantxe izan da, besteak beste, Andres Urrutia euskaltzainburua.

Aita Villasante Arantzazuko frantziskotarrak 1973. urtean eman zuen lehen aldiz argitara Axularren hiztegia. Argitaldi hura agortuta zegoen eta Iparraldea Oñatin ekimenaren barruan, berriro argitaratzea erabaki zuen Laixan euskara elkarteak. Jerardo Elortzak egin du liburuaren hitzaurrea.


Gaur, zapatua, eguerdian egin dute liburuaren aurkezpena Unibertsitate zaharreko areto nagusian. Aurkezpen ekitaldian parte hartu dute hitzaurrea egin duen Jerardo Elortzak, Paulo Agirrebaltzategi frantziskotarrak, Oñatiko Euskara batzordeko zinegotzi Mikel Iturrospek eta euskaltzainburu Andres Urrutiak. Guztiek azpimarratu dute Villasanteren lanaren garrantzia euskararendako eta bereziki Oñatiko euskararendako.

Aurkezpenaren ondoren, Maddi Oihenart kantariaren emanaldia izan dute, ekitaldiari amaiera emateko. Ruper Ordorika izan du lagun Oihenartek.


Axular aztertzen

1960. hamarkadan sakon aztertu zuen aita Villasantek Axular eta bere lana. Besteak beste, Gero eleberriaren argitalpen berria egin zuen, itzulpenarekin eta hitzaurre luze eta sakon batekin. Aurrerago, Gero-ren hustuketa bat egin zuen bere ikasleen laguntzarekin eta handik jaio zen Axularren hiztegia.

Jerardo Elortzak egin du oraingo argitalpenaren hitzaurrea eta horrelaxe azaldu du berak zelakoa den hiztegia: "Hitz asko jasotzen ditu hiztegiak eta hitz bakoitza bere testuinguruan azaltzen du, adibide bat baino gehiagorekin, gainera. Hiztegi potoloa da, mardula, urte askotako lanaren emaitza". Zera gaineratu du: "Harrezkero hiztegi asko argitaratu da, baina denek aprobetxatu dute Villasantek hiztegi horretan jasotakoa".

Laixanek 600 ale eman ditu argitara eta gaurtik aurrera salgai egongo da hiztegia liburudendatan, 20 euroren truke.

Iparraldea eta Oñati

Jerardo Elortzak ekitaldian azaldu du zela lotzen dituen hiztegi honek Iparraldea eta Hegoaldea, Iparraldea eta Oñati, bereziki. Batetik, Aita Villasante bazelako pixka bat oñatiarra eta Axular ere pixka bat Iparraldekoa. Izan ere, Villasante Gernikan sortu zen eta Axular Urdazubin, Nafarroan. Hala ere, jakinekoa den moduan, aita Villasantek urte mordoa egin zuen Arantzazun frantziskotar. Eta Axular izan zen Sarako (Lapurdi) erretorea eta Ainhoan (Lapurdi) ere izan zen apaiz. Gainera, Saratik eta Ainhoatik herritar asko etortzen zen erromes Arantzazura; gerrak ohitura hori eten egin zuen eta Ainhoa Ama Birjinaren irudi bat jarri zuten, Arantzazukoa gogora ekartzeko.




ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak