Arrikrutz beste zenbait kobazulorekin anaitu da

Irati Agirreazaldegi 2008ko eka. 2a, 11:06

Kobazuloak eta leizeak, lur azpiko altxorren gordailuak dira. Altxor batzuk, ordea, ez daude sekretupean gordetzeko eta jendearen eskura ipini dituzte. Horietako bat da Oñatiko Arrikrutzeko koba. Euskal Herriko beste hainbat kobazulorekin anaitu da eta proiektu bateratua sortu dute lur azpiko altxorrok bisitariei ezagutarazteko.

Kantauriko mendikatea eta Pirinio atlantikoko paisaia kareharriz osatutako mendi guneek, leizeek, hobiek, eta isurbide karstikoek osatzen dute hasi Bizkaitik eta Gipuzkoako eta Nafarroako iparraldea igarota Lapurdiraino. Inguru horietan dauden sei koba eta Leizek egin dute bat, hain zuzen ere, proiektu horretan: Gipuzkoan Oñatiko Arrikrutzek, Bizkaian Karrantzako Pozalaguak, Nafarroan Urdazubiko Ikaburuk, Astitzeko Mendukilok eta Zugarramurdiko Sorginen Leizeak eta Lapurdin, Sarako leizeak.

Erakargarriak dira leizeak ez ezik hauen inguruek duten balio ekologiko eta natura ezaugarriengatik, eta horiek gerturatu nahi dizkiete, hain zuzen ere, koben arduradunek turistei. Oñatiko Garapen eta Turismo Agentziako Ikerne Altubek esan digu: "Guk nahi duguna da lur azpiko turismoa bultzatzea badagoelako publiko bat gai horretan interesa duena. Beste herrialde batzutan turismo mota honek badu indarra; Frantziak, esaterako, hiru milioi bisitari ditu".

Elkarlana, ez konpetentzia

Nahi dutena da Euskal Herrian proiektu bateratua bultzatzea. "Turismo arloan arraroa dirudien arren, gu ez gara elkarren aurkari. Kobazulo bakoitza mundu bat da eta bakoitzak bere historia du. Sarakoak eta Zugarramurdikoak alde historikoa eta mitologikoa dute; Arrikrutzek alde paleontologikoa; Pozalaguako estalaktitak eta estalagmitak garrantzitsuak dira; eta Mendukilo eta Ikaburu espeleologiari dagokionez. Ezberdinak dira elkarren artean, baina talde bat osa dezakete eta talde moduan lan egiteko indarra batu nahi dugu", dio Ikerne Altubek.

Koba guztien artean urtean 300.000 bisitari jasotzen dituzte  eta horrek erakusten du badagoela publiko bat horrelako errekurtsoetan interesa duena. "Ez bakarrik leizeak, baizik eta normalean kobak kokatuta dauden inguruneak, mendi inguru goxoak, jende mota zehatz bat erakartzen du. Ez dute zerikusirik eguzkia eta hondartza bateratzen dituen turismoarekin, baina bada jendea bestelako oporrak nahi dituena", esan digu Ikerne Altubek.

Liburuxka

Sei kobetako arduradunek Mugarik Gabeko Lurpea ekimena ipini zuten abian 2007an eta helburua da lur azpiko bisitaria natura, ekologia, historia eta mitologia moduko baliabideetara gerturatzea; alboan izan arren ezezagunak baitzaizkigu.

Proiektuaren bidez baliatu nahi dira leize eta koba bakoitzeko bisitariak gainontzeko lur azpiko altxorren onurarako. "Nahi dugu koba bat bisitatzera datorrenak jakitea beste batzuk bisitatzeko erraztasunak izango dituela, eta horretarako informazioa emango zaio. Bide batez koba bat baino gehiago bisitatzen dituztenak saritu nahi ditugu deskontuen bidez, eta fidelenak opari batekin", azaldu digu Altubek.

Liburuxkak kaleratu dituzte, 40.000 guztira, eta bisitariak horren bidez gonbidatzen dituzte beste kobak eta leizeak ezagutzera. Bisitatzen duten lehen koban liburuxka zigilu batekin markatu eta hortik aurrera beste kobetan aurkeztean tarifa arruntaren %20ko beherapena izango dute. Seiak bisitatu eta guztien zigilua lortutakoan oparia  emango diete. Leizeen irudiz eta soinuz osatutako DVDa kobetako esperientziak berriz bizitzeko.

Proiektua orain dela urtebete inguru abiarazi arren, gorabehera asko izan da liburuxkak banatzeko. "Guztiak banatuak daude, baina Saran uholdeak izan ziren joan zen urteko maiatzean eta urtarrilera bitartean kobazuloa itxia izan zen; Zugarramurdin koben kudeaketa aldaketa abenduan egin zen eta ordura arte ez zaio aparteko garrantzirik eman liburuen banaketari eta zigilua ere ez zuten ematen. Hortaz, hemendik aurrera denak abian daudela gogoz helduko diogu proiektuari", azaldu zuen Zugarramurdiko Leizeko ordezkari Ainhoa Agirrek.

Etorkizuneko asmoak

Proiektua abiarazi zutela urtebete beteko da ekainaren 30ean. Turismo eta Garapen Agentziako Ikerne Altuberen esanetan, "abiapuntua da, jakin badakigu gauzak badaudela hobetzeko eta aurrera egin nahi dugu. Momentuz hitzarmen bat sinatu nahi dugu kobazuloen artean eta etorkizunean funtzionamendu eta antolaketarako zutabeak eraikitzea da gure helburua eta mugaz gaindiko elkartea sortzea".

Ainhoa Agirrek azaldu zuenez, "lehen pausoak sustapenari dagozkio, informazioa hedatu nahi dugu ahalik eta modu gehienetan, besteak beste koba bakoitzaren webgunetik besteenetara loturak egitea da gure asmoa ".

Aurrerantzean ateak zabalik utziko dituzte Pirinioetatik hasi eta Kantabriara arteko kobazuloak proiektuan sartzeko eta elkarlanean jarduteko. "Isturitzeko eta Otsozelaiako kobek taldean sartzeko interesa azaldu dute eta Kantabriako kobaren bat ere sar liteke aurrerantzean beharbada. Oraingoz Euskal Herriko hainbat koba hasi gara proiektua lantzen eta aurrerago ikusiko da", dio Ainhoa Agirrek.

Lur azpiko parajeak azalera ekarriz gonbitea egin diete herritar guztiei kobetan eta leizeetan gordetako altxorrak ezagutzeko.

Sei kobazulo eta leize aukeran

Arrikrutz / Oñati
www.oinati.org / 943 08 20 00

Mendukilo / Astitz
www.mendukilo.com / 948 39 60 95

Pozalagua / Karrantza
www.karranza.com / 649 81 16 73

Sarako Lezeak / Sara
www.sarakolezeak.com / 0033 559 542 188

Ikaburu / Urdax
www.cuevasurdax.com / 948 59 93 41

Sorginen Leizea / Zugarramurdi
948 59 93 05

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak