Aretoa lepo bete eta ikusleak barre algaraka ipini zituzten bertsolariek

Miren Arregi Amasorrain 2008ko mai. 18a, 21:24
Egubakoitzean Oñatiko Larraña Institutuko aretora hurbildu zirenek ez dute damurik izan. Umorearen maisu bailitzan aritu ziren bertsolari handiak; Andoni Egaña, Angel Mari Peñagarikano, Mañukorta, Iker Zubeldia, Julen Zelaieta, Joxe Munduate eta Xabier Zeberio. Gai jartzen, Amets Arzallus aritu zen.


Larraña Institutuko aretoa lepo beteta, eta oholtza gainean izen handiko bertsolariak. Ongi bete zuen helburua Oñatiko Bertso eskolak haren 25. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldian. Ikusleak adi eta bertsolariak fin, ikuskizun borobila izan zen egubakoitzekoa.


Umorezko saioa

Hasieratik garbi utzi zuten bertsolariek zein asmorekin etorri ziren Oñatira; Ea nork botatzen duen astakeriarik handiena. Hala amaitu zuen Julen Zelaietak agurra, argi utziz zein izango zen bertso saioaren ildoa. Oholtza gainean, esan bezala, zortzi izen handi; Andoni Egaña, Angel Mari Peñagarikano, Mañukorta, Iker Zubeldia, Julen Zelaieta, Joxe Munduate eta Xabier Zeberio. Gai jartzen, Amets Arzallus.

Egaña eta Zubeldia, umorez
Bertso saioko une polit bateko  protagonista izan ziren Egaña eta Zubeldia. Arzallusek ipinitako gaia, honakoa: Egaña, atzean eserita zituen beste bost bertsolarien amaren paperean ipini zuen eta erditzea zer nolakoa izan zen kontatu behar zuen. Egañaren ondoan zegoen Zubeldia, eta hark, atzekoen aita izanik, erditzera garaiz iritsi ez, eta umea ikusitakoan izan zuen inpresioa adierazi behar zuen. Hona hemen Andoni Egañak esan zituenak: Gure Gregorio barruan ere/ze mugikor eta ze guapo/ baina aterik ez zidan jotzen bederatzi hilabeterako/ pasatu hamar, pasatu hamaika, ta hamabi ere bapo/ ta azkenean erditu nuen /neu aspertu nintzelako. Aitaren paperean zegoen Zubeldiak hala erantzun zion: Nahiz eta ume bat espero genuen/jaio zen demonioa/ enfermerek ere hankatik helduz/ honen negar jarioa/ hau ikusita aita al naizen/ det zalantza serioa/ beti mezetan ez da egoten/ herriko bikarioa.
Atzean exerita zeudenetatik Mañukorta bakarrik ausartu zen erantzutera: Lehenago umea, lehenago txikia/ eta orain egin naiz hazi/ aitak eta amak dakiten haina gutxienian ikasi/ haserre dira gehienetan/ ta mutur haundiz berezi/ era hontako seme jatorrak/ hauek ez zuten merezi.
Bi orduko saioa egin zuten bertsolariek, eta ikusleak oso gustura irten ziren amaieran. Beste behin ere, harrera bikaina izan zuten bertsoek Oñatin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak