Arantzazuko Santutegia Hotela, erromesendako leku modernoa

Maider Arregi 2008ko ira. 7a, 15:46
Guztira, 110 lagunendako lekua dauka hotelak. Jantokian, berriz, 200 lagun sartzen dira. Hospederia zaharrak, bezala, erromes kutsua dauka hotel berriak eta arrera eta tratu "goxoa" eskaintzea da helburu nagusia. Eskaintza eta zerbitzu zabala daukate eta laster martxan izango da edonorendako hidroterapia zerbitzua. Inaugurazio ofiziala urria edo azaroan egingo dutela ere iragarri du Koldo Gomez zuzendariak.


Egun hauetarako Arantzazuko Santutegia Hotelean lekua hartzea ezinezkoa bilakatu da. Izan ere, abuztuaren 15ean ateak ireki zituenetik arrera ezin hobea izan du. Koldo Gomez hotelaren zuzendaria oso pozik azaldu da  eta  uste baino arrera handiagoa izan duela adierazi du: "ez genuen espero horrenbeste jende, sekulako kolpe positiboa hartu dugu".  Arantzazuko hospederia zaharra hiru izarreko hotela bilakatu da. Hiru urte pasatxo iraun dituzte lanak, baina, lortutako emaitzak jende asko txunditu eta erakarri du hotelera.

Eskaintza Zabala

Hiru izarretako hotelak 52 logela ditu. Guztiek, gainera, 25 metro koadrotik gora daukate; bista zoragarri eta ezberdinekin: santutegiko sakanera, santutegira, kalera... bezeroen eskari eta nahi guztiak asetzeko prestatuta daude.

Lehen solairuan, berriz,  kafetegia dago. Kalera begira dagoen beirate handi bat dauka. 200 lagunendako jangela ere badauka jatetxeak. Bertako bezeroendako ez ezik, jantokia eta taberna gerturatzen den edonoren eskura egongo dira. Ezkontzak, bazkariak edota bestelako ospakizunak, ere egiteko aukera izango da  hotel berrian. Sukaldari nagusia Iñaki Aldabe legazpiarra da baina, Tolosako Frontoi jatetxeko Roberto Ruiz sukaldariak guztia gainbegiratzen du. Azpi-solairuan, egongela bat dago bezeroek atseden hartzeko. Besteak beste, jokoak, telebista eta Dvd-a, sofak eta liburutegi txiki bat dute bertan lasai egoteko eta atseden hartzeko. Baina, zalantza gabe nobedade handiena hotelak laster martxan izango duen hidroterapia zerbitzua da. Oraindik azken ukituak falta zaizkio eta ondorengo hilabeteetan zabalduko dute. Hidroterapia zerbitzuak bi jakuzzi sauna, bainu turkoa eta 3 txorro ezberdinetako dutxak ditu. Zerbitzu hau guztiendako egongo da zabalik. Prezioa orduko 12 euro izango da. Gainera, beirategi ederra eta bista zoragarriak daude sakanera begira.

Bederatziurreneko eskaintza

Gau bat logela bikoitzean 60 euro kostatzen da. Gau kopurua handitzen bada merkeagoa da. Bederatziurrenerako, ordea, eskaintza bereziak jarri dituzte: "tarifak jaitsi ditugu. Esaterako, amona batek, logela bikoitzagatik, gosaria, bazkaria eta afariarekin 60 euro ordainduko ditu". Martitzenean menu berezia jarri dute hoteleko jendearendako eta senitartekoendako. Gainera, okupazioa %100ekoa dute. Irailetik aurrera, Gandiaga Topagunearekin elkarlanean, enpresetako jendea jasotzeko asmoa dutela ere adierazi digu Gomezek.

Erromes kutsua

Koldo Gomez donostiarrak azpimarratu du Arantzazuko kutsu historikoa mantendu gura dutela, ohiturak, isiltasuna, erlijioa... hospederia zaharrak zeukan erromes kutsua mantentzea, alegia. Horretarako bezeroei tratu "goxoa ematea" ezinbestekoa dela nabarmendu du.

Diseinu modernoa

Frantziskortarrek gidatu dute obra. Hospederiak zeukan XVI. mendeko fatxada mantendu dute.  Barruan material nobleak erabili dituzte: harria, egurra eta burnia. Espazioak oso irekiak dira eta kolore argiak dira nagusi. Hala, Arantzazuko izpiritua mantenduz eta era berean modernitatea eta antzinatasuna transmitituz. "Barrualdeak jasan du aldaketa nagusiena". Behin barrura sartuta, lehengo hospederiak atean zeuzkan kolorezko beirateak ikus daitezke kuadro gisa apainduta.

Arantzazuko Santutegia Hotela, Arantzazu Fundazioarena da. Gogoratu, fundazioa, Frantziskotarren komunitateak, Oñatiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak osatzen dutela. Inaugurazio ofiziala urria edo azaroan egingo dutela ere iragarri du Koldo Gomez zuzendariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak