Arantzazuko lana ezagutzera emateko kanpaina abiarazita

Iker Barandiaran 2009ko api. 18a, 20:48
Arantzazu Gaur Fundazioa osatzen duten bost erakundeen ordezkariak, tartean Markel Olano, diputatu nagusia eta Lourdes Idoiaga, Oñatiko alkatea izan dira gaur, zapatua, Arantzazuko Gandiaga zentroan. 'Arantzazuren balio erantsia gaur' izenburupean, azken urteko aldaketak eta gizarteari egiten dizkion eskaintzak izan dituzte berbagai beste gai batzuen artean. Ekitaldi bukaeran argitaratu berri duten 'Arantzazu gaur bisitatzeko, ezagutzeko eta bere ezaugarriez gozatzeko 12 ikuspegi' gida banatu dituzte.

Arantzazu Gaur Fundazioa orain dela urtebete sortu zuten Aldundiaren, Oñatiko Udalaren, Mondragon Taldearen, Kutxaren eta frantziskotarren partaidetzarekin. Urte batzuk lehenago Arantzazuko santutegia berritzeko asmoarekin frantziskotarrak lanean hasi ziren eta lan horietan laguntzeko asmoarekin elkartu zitzaizkien gainerako kideak. Baita hainbat lan egin ere Fundazioak: Arantzazun eta inguruan naturarekin, kulturarekin eta jendearen arretarekin zerikusia duten baliabide guztiak sustatu eta zuzendu; jendearen arretarako zerbitzuak, hotela, denda eta Arantzazu Gandiaga zentroa kudeatu; eta orain Gandiaga Topagunean berrikuntza humanistako zentroa jartzeko asmoa daukate. Gainera, Aldundiarekin eta Oñatiko Udalarekin Parketxea jarriko dute, hau da, natur parkearen interpretazio zentroa.

Orain, urtebete honetan Fundazioak egindako lana ezagutarazi gura dute komunikazio kanpaina abian jarrita. Horren arrazoiak hiru dira Fundazioko kideen esanetan: Arantzazu ezaguna izan arren, era berean ezezaguna izatea eta iraganean garrantzitsua izan arren orain isla garbirik ez izatea; euskal gizarteak ez jakitea zein aldaketa eta zein berrikuntza prozesutan dagoen murgilduta; eta Arantzazuk kontzentratzera eta natura, kultura, bakea, solidaritatea eta espiritualtasuna kontuan hartuta nor bere baitan biltzera deitzen duela jakinarazi gura izatea.

 

Bi gidaliburu

Ekaina arte iraungo duen komunikazio kanpainarekin bat eginez Arantzazuk eskaintzen dituen aukera guztien berri ematen duen webgunea jarri dute abian.
Horrez gain bi gida argitaratuko dituzte tarte horretan: batetik, Arantzazu gaur bisitatzeko, ezagutzeko eta bere ezaugarriez gozatzeko 12 ikuspegi gida eta bestetik, Arantzazuko bidezidorren gida berria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak