Arantzazuko basilikako apostoluak babesteko lanak aurki hasiko dira

Irati Agirreazaldegi 2009ko ira. 30a, 01:32
Andamioekin jantzi dute Arantzazuko basilikako sarrera. Izan ere, Oteizak egindako apostoluak zein egoeratan dauden aztertzen dihardute ondoren babesteko lanak egiten hasteko.

Arantzazuko apostoluen irudiek, eskulturek, zartadurak dituzte harriak zainak dituelako. Markinatik ekarritako Markina-beltza deituriko harria da, oso harri gogorra izan arren  zain asko dauzkana. "Apostoluak oso toki laiotzean daude, neguan batez ere ez da eguzkirik sartzen. Hortaz, ura zain horietan sartzen da eta izoztu egiten da harria kaltetuz", esan digu Juan Inazio Larrea frantziskotarrak.

Eskulturen azterketa egiten ari den Petra etxeko Dolores Sanzek esan digu eskultura koka zitekeen lekurik txarrenean egin zela: "Egun askotan euria egiten du hemen eta apenas sartzen da eguzkiaren argirik. Gainera, Pietateak eta apostoluek ez daukate babesik. Orain dela bederatzi urte egin zituzten zaharberritze lanetan erreten bat egin zuten eta ura hortik jausten da, baina hori egin zenera arte uraren aurkako neurririk ez zegoen eta higadura ere ikus daiteke harrietan"

2000. urtean egin zen Arantzazuko apostoluen zaharberritze lan garrantzitsu bat egin zuteneta azkenean eman zioten tratamentu hidrofugo bat ura harrian sar ez zedin. Baina bederatzi urteren buruan  lan haiek berrikusteko garaia iritsi da eta orain horretan dihardute. "Foru Aldundiak apostoluen zaintzaren gaineko azterketa egin nahi du. Horretan ari da, hain zuzen ere, Petra etxea, Gasteizko Katedraleko lanetan diharduena. Harria nola dagoen aztertzen besteak beste. Arantzazun ez ezik laboratorioan ere egingo dute lan", azaldu digu Larreak.

Hidrofugantea

Azterketa lanetan diharduen Petra etxeko Dolores Sanzek eman digu euren lanaren berri: "Azterketa egiten ari gara jakiteko nola dagoen harria eta zein tratamendu ipini zuten aurreko berrikuntza lanak egin zirenean. Hori egiten dugu oraingo lanak ahalik eta ondoen egiteko".

Hainbat lagin hartu dituzte eta ikusi dutenez, "2000. urtean eman zuten materia hidrofugotik zertxobait gelditzen da oraindik. Bestalde, ikusi dugu eraso biologikoaren eragina nabarmena dela, eskultura dagoen tokian dagoelako", esan digu Sanzek.  

Azterketa egin ondoren, Teusa etxea arduratuko da behar diren ukituak egiteaz. Horretarako, "ikusi behar dugu merkatuan zer nolako hidrofuganteak dauden ahal den onena ipintzeko. Izan ere, oso zaila da lan egitea harri honekin oso beltza delako. Oteizak nahi zuen harri hori, kolore horretakoa eta zaila da aurkitzen hidrofugante ona eta bere kolorea aldatuko ez duena", azaldu digu Dolores Sanzek. "Nahi duguna da ahalik eta gutxien ukitzea, babesa ipintzea eta harri pusketak apurtzen diren tokietan morteroa. Nolabait esateko larrialdiko sendaketa egingo dute".

Azarorako amaituta

Azterketa amaitu eta lanak datorren astelehenean haste da asmoa, gero hotza baitator eta erabiltzen dituzten produktuak ezin dira hotza dagoenean ipini. Hortaz, hilabete batean lanak amaituko dituztela uste dute Petrakoek. Gainera, Juan Inazio Larreak esan digunez,  "azaroaren 8an ospakizun berezi bat egingo dugu Arantzazun eta ordurako andamioak kenduta egon daitezen nahi dugu. Aurten betetzen da kripta amaitu zeneko 25. urteurrena eta kriptan ere berrikuntza txiki batzuk egiten dihardute argiztapenean eta diseinuan. Hori guztia ospatu nahi dugu inaugurazio batekin. Nestor Basterretxea ekartzea da asmoa eta baita Arantzazuko adiskideak hemen elkartzea".

Andamioak kendutakoan, hala ere, Arantzazura joaten direnek ez dute aldaketarik sumatuko. "Orain ere andamioan igo eta eskulturak gertutik ikusi ezean ez dira kalteak ikusten, hortaz, gero ere berdin-berdin ikusiko dituzte apostoluak, babesa eman aurretik bezala, alegia", dio Sanzek. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak