Arantzazu zenbat fasetan eraiki zuten jasotzeko grina

Larraitz Zeberio Lekuona 2007ko abu. 2a, 16:28
Aspaldian darabil buruan Martin Mendizabal frantziskotarrak Arantzazun nola eta zenbat fasetan eraiki zen jasoko duen erakusketa zabaltzea. Historia gustatzen zaio eta Arantzazuk badauka. Asko gainera.

Duela 400 bat urte Arantzazuko fraideek erabiltzen zituzten galeriak, jantokia eta elizatxoa ondo ezagutzen ditu Martin Mendizabal frantziskotarrak. Gaur egun, eremu horiek guztiak biltoki moduan erabiltzen dituzte baina bere garrantziaz jabetzea erraza da. Han eta hemen ikusten dira bobedak, leihoak, hormak... Aspaldian darabil buruan Martin Mendizabal frantziskotarrak gune hauek guztiak garbitu, bisitariei zabaldu eta erakusketa batean Arantzazuko santutegiaren eraikitze lanen prozesua erakustea. "Nire asmoa maketa bidez jendeari Arantzazu nola eta zenbat etapatan eraiki den erakustea da. 500 urte behar izan dira gaur egun ezagutzen dugun eraikuntzara iristeko, baina honek bere etapak izan ditu", esan du Mendizabalek.

Planoak egiten hasiak dira
Duela 500 urte amabirjina agertu zen leku berean ermita txiki bat altxatu zutenetik gauza asko gertatu dira Arantzazun, tartean hiru sute. Gaur egun trasteleku moduan erabiltzen diren galeria eta horma zahar hauek guztiak Arantzazuren historiaren lekukoak dira. Arkitekto ikasle talde bat izan da hemen oporrotan. Planoak egiten aritu dira gerora Martin Mendizabalek prestatu nahi dituen maketak gertatzeko. Izan ere, interes handia du ikertzea gizakiak zein teknika erabiltzen zuen duela 500 urte amildegi ertzean halako eraikuntza lana egiteko.
"Lehenengo ermita eta kofradiaren etxea egin zituzten, XV. mende amaieran. Gero etorri ziren Mercedarioak egindako eliza eta komentua", azaldu du Mendizabalek.


Publikoari zabaldu

Hiru aldiz erre da Arantzazu. Suteen eraginez behin eta berriz altxatu behar izan dituzte bertako eraikinak gaur egun ezagutzen dugun santutegia izatera iritsi den arte. Martin Mendizabalek badaki egunen batean fraideak Arantzazutik desagertu egingo direla. Ez ordea santutegia bera, monumentu historiko eta artistikoa delako. Nahiko luke, gaur egun ia lur azpian eta ahaztuta dauden eremu hauek guztiak, Arantzazuren sorrera jasotzen dutenak, bisitariari zabaltzea. Horiek zabaltzea Arantzazuren historia zabaltzea izango baita. Eta horretarako dihardu lanean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak