Ahozkotasuna eta esanak bide lagun

Miren Arregi Amasorrain 2009ko aza. 2a, 13:24
Umorez eta aldarrikapenez jositako emanaldia izan zen egubakoitzean Bertso Eskolak antolatuta Oñatiko Arrano tabernan egin zutena. Eta ez zen ohiko bertso emanaldia izan, bertsoak ez ezik, payadak ezagutu eta horiez gozatzeko aukera izan zuten-eta bertaratuek.

Taberna gainezka zela egin zuten emanaldia Jon Martin eta Arkaitz Oiarzabal Xamoa bertsolariek, eta Wilson Saliwonczyk argentinar trobadoreak. Trobadorea baino payadorea, hori baita Hego Ameriketako ahozkotasun, poesia edota abesti inprobisatuari deitzeko erabiltzen duten hitza. Payadoreak, beraz, Euskal Herriko bertsolariak dira. Saliwonczyk Bertsolari Txapelketaren harira etorri da Euskal Herrira; Badaramatza sei bat hilabete eta bertsolari txapelketa nagusia ez ezik, gure herria eta kultura ezagutzen dituela zalantzarako tokirik ez zuen utzi egubakoitzeko emanaldian. 

Giroa bero-bero

Giroa bero bero, eta ez taberna barruan bero egiten zuelako bakarrik, baizik eta aldarte onean, bertsolariak eurak ere gustura egon zirela ziurtatzen zuten bertso eta esanak entzun zirelako; sugandilak, anakondak, bekatu kapitalak, apaizak, euskal gatazka, kartzela... Askotariko gaiak izan zituzten ahotan. 

Egoitz Aizpuru ibili zen gai jartzaile lanetan. Gai jartzaile lanetan bakarrik ez, itzultzaile lanetan ere bai, Jon Martinek eta Arkaitz Oiarzabalen bertsoak Wilson Saliwonczyk-i itzultzen izan zuen-eta lana. Ariketak ere era guztietakoak; gai bat eman eta hura oinarri egindako bertsoak, lehen puntua eman eta ondoren argentinarrak puntua erantzun, azken puntua eman eta horrekin bertsoa osatu... Euskal Herriko Bertsolari txapelketa Nagusia ere izan zuten mintzagai. Egoitz Aizpuruk Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken hiru finalisten paperean ipini zituen hirurak azken ariketan. Hona Wilson Saliwonczyk-en lanetako bat: Igor ya quedo muy lejos/A Jon Maia ni lo noto/ Eta Silveira hiru poto/ Y Andoni murio de viejo/ Maialen rompio un espejo/ Que desgracia la poeta/ Fredy igual que un cometa/ Ya se ha apagado/ Y despues quedamos nosotros tres muy cerquita de la meta

Argentinako payadoreak halako sei emanaldi eskaini ditu Euskal Herrian; eta beraz, esan daiteke hura Oñatin entzuteko aukera izan zutenek benetako ohorea izan zutela. Atzo, domeka, Oiartzunen egin zuten emanaldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak