50. edizioan ere 'Bizkor' onena, sasoi onean dagoela erakutsiz

Miren Arregi Amasorrain 2009ko ira. 27a, 22:42
"Ez nuen uste irabaziko nuenik; bat irabaztea zaila da eta sei irabaztea zailagoa, baina, azkenean ondo moldatu gara, lan ona egin dugu" zioen Joxe Mari Jauregi illarduiarrak Oñatiko Nazioarteko Artzain Txakurren 50. Txapelketa irabazi eta berehala. Dagoeneko haren txakur 'Bizkor' ezaguna eta miretsia da herrian; ez da gutxiagorako, seigarren txapela eskuratu ostean.

"Lan ederra egin du Bizkorrek, oraindik ere ondo dagoela erakutsi du" adierazi zuen antolatzaile Jose Mari Bengoak. Izan ere, 10 urte bete ditu Jose Mari Jauregiren txakurrak: "oso ona izan da beti, oso obedientea eta oso azkarra" gaineratu zuen pozik Jauregik.

Berritasunekin pozik

Santa Lutziako belardietan jasotakoa gertutik jarraitu zutenek begi onez hartu zituzten aurtengo berritasunak. Antolatzaileak ere gustura, probatan izan diren aldaketekin. "Aldaketen arrazoi nagusia da artzainak txakurrekin lan egiten ikustea", esan zigun Bengoak. Izan ere, orain arteko txapelketetan, lehen proban kaleratuak izaten ziren artzainek ez zuten izaten txakurra ardiekin nola moldatzen zen erakusteko aukerarik; lehen proba horretan, ardiek ez zuten-eta parte hartzen. Aurten, aldiz, artzain eta txakur guztiak ikusi genituen ardiekin lanean. Lehenengo proban, artaldea bildu, hesi zabal batetik pasarazi eta ondoren beste hezi batetik pasa behar zituzten. Proba horretan puntuazio altuena lortu zuten lau artzainek eskuratu zuten hurrengo probarako txartela; bigarrenean, txakurra banderatxoen artetik pasatu, artaldea bildu eta eskortan sartzea zen erronka. Proba zaildu egin dute 50. ediziorako, eta igarri egin zen; txakur batzuk noraezean ibili ziren.

Artzaintza profesio

Bigarren fasera pasatu ziren laurak artzainak dira profesioz. Finaleko txakurretatik euskal arrazako bakarra, berriz, Bizkor. Gainontzeko hirurak Border Collieak: horiek fama ona ongi irabazita badute ere, Bizkorrek erakutsi zuen oraindik ere onena izaten jarraitzen duela.

Omenaldia

Txapelketak 50 edizio bete dituela-eta, orain arteko txapelketatako irabazleak omendu zituzten. Askotariko arrazoiak tarteko, guztiek ezin izan zuten bertan egon, eta txapeldunetatik 14k hartu zuten oroigarria Oñatiko alkate Lurdes Idoiagaren eta zinegotzien eskutik. Bestetik, On Jose Maria Agirrebalzategi saria jaso zuten Lazaro Milikuak, urte askoan antolatzaile lanetan aritu izanagatik, eta Jesus Mari Plazaolak artzaintzan egindako lanagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak