30 urte baino gehiago Arantzazun euskara zabaltzen

Txomin Madina Milikua 2008ko abu. 13a, 17:25
Urteak joan urteak etorri, ehundaka izan dira udan Bilboko Ulibarri euskaltegiak Arantzazun antolatzen duen barnetegian ibili diren ikasleak: seminarioan, gero Hospederian eta gaur egun, Sindika ostatuan.

Asun Zestauk urte asko daramatza barnetegi honetan  klaseak ematen eta bere hitzetan, aukera paregabea da ikasleentzat euskaran murgilduta bizitzeko: ingurune guztiz euskaldunean euskaraz hitz egin behar dute, baita ikasleen artean ere, eta barnetegia den heinean, elkarbizitza ere sustatzen da.

17 urtetik gora dituen edozeinek eman dezake izena bertan, eta gehienen helburua da bertatik pasa ostean, lanerako edo unibertsitaterako beharrezkoa zaien tituluren bat lortzea. Ulibarri euskaltegia Bilbon dagoen arren, Euskal Herri osotik etortzen dira ikasleak, baita kanpotik ere: aurten adibidez,  Poloniako talde bat ere izan dute. Bi aste irauten ditu barnetegiko txanda bakoitzak, eta astegunetan, 8 ordu ematen dituzte euskara lantzen.

Ikasleak gustura

Begoña Gallego da aurten barnetegian dagoen ikasleetako bat. Valladoliden jaioa da bera, baina Euskal Herrian bizi da azken 14 urtetan. Adierazi duenez, bere helburua Hizkuntza Eskolako goi mailako ziurtagiria lortzea da, eta apropos aukeratu zuen Arantzazuko barnetegia, ingurunea asko gustatzen baitzaio.

Garbiñe Iturbe Kastron jaio zen, Arrasaten hainbat urte eman zituen baina egun Barakaldon bizi da. Esan digunez, bere asmoa da orain arte dakien euskara ez galtzea. Ikasten ordu asko ematen dituzten arren, oso gustura dagoela adierazi du eta ikasleen arteko harremana ona azpimarratu.

Arantzazun aspertzen diren galdetuta, ezetz esan digute denek, astia dutenean, inguruko tabernetara, mendira edo Oñatira txangoak egiten dituzte-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak