2009ko aurrekontuek %2,50 igoera dute eta gehiengoz onartu zituzten

Mireia Bikuña 2008ko aza. 28a, 12:51
EAJ-EAren, Oñati Ezkerretik koalizioaren eta Alderdi Sozialistaren aldeko botoekin, gehiengoz onartu zituzten atzoko osokoan hurrengo urterako udal aurrekontuak: 18.456.000 euro. PPko zinegotziak aurka bozkatu zuen. Aurtengo ekitaldiko aurrekontuarekin alderatuta, 450.000 euro gehiago onartu dituzte (%2,50 gehiago).

"Krisiak eragina izan du aurrekontuak osatzerako orduan", esan zuen alkateak, "foru funtsetik 700.000 euro gutxiago jasoko ditugu. Bestalde, lan guztiak geldi daude; hortaz, lur aprobetxamenduagatik eta lan baimenak emateko zergetatik diru gutxiago jasoko dugu. Egoera ikusita aurrekontuak egiterakoan bi aukera genituen: alde batetik, inbertsioak gutxitu; eta beste alde batetik, inbertsioak mantendu eta ondorioz, zorpetze maila igo. Azken horixe erabaki dugu". Inbertsioetarako kreditua eskatuz, udalaren zorpetze maila %7,30 izango da 2009an (2008an %5,87 da).

Emendakina

Hain zuzen ere, aurrekontuen gain egindako emendakina kreditu eskaera egin ondoren aurkeztea erabaki zuten. "Esku artean ditugun inbertsioak estaltzeko 1.700.000 euroko kreditua eskatu genuen, baina eskatzen ziguten Euriborra gehi 0,6 ordaintzea. Gehiegizkoa zela iruditu zitzaigun, eta aurrekontuetan aldaketak egitea erabaki genuen", azaldu zuen alkateak.
Emendakinak, batez ere Urrutxuko zabortegia zigilatzeko partidari eragingo dio: aurreikusita zeukatena baino 600.000 euro gutxiago erabiliko dituzte. Bestalde, Foru Aldundiak zigilatzea egiteko 300.000 euroko laguntza eman dio udalari. Hortaz, 900.000 euro gutxiagoko kreditua eskatu dute udal aurrekontuei aurre egin ahal izateko. Emendakinaren aldeko botoa eman zuten guztiek, PPko zinegotziak izan ezik.

Inbertsioak

Hurrengo urterako inbertsiorik handienak izango dira, besteak beste: Urrutxuko zabortegiko zigilatzea egiteko 1.200.000 euro; San Lorentzo auzoan irisgarritasuna egiteko 200.000 euro (2008ko 500.000 euro erabiliko dituzte); Errekalde auzoa berritzeko 150.000 euro (2008tik 525.000 euro gehiago); auzoetako asfaltatzeak egiteko 80.000 euro; zerbitzuetan lan egiten duten etorkinei oinarrizko euskalduntzea emateko 10.000 euro; eta kirol instalakuntzen azterketa orokorra egiteko 30.000 euro.
 Bestalde, kultura sailak eskatuta arte eszenikoen programazioa berritzeko, hobetzeko eta handitzeko programa sortzeko diru atal berezia onartu dute.

Beste alderdien balorazioak

Aurrekontuen gaia bozkatu aurretik gainerako alderdiek proposamenaren gaineko balorazioak egin zituzten.
Oñati Ezkerretik koalizioko bozeramaile Jose Ruizek esan zuen aurrekontuen aldeko botoa emango zutela: "Bidegorrien proiektua abian jarri duzue. Gainera, San Lorentzo, Errekalde eta auzoetako eraberritze lanak egitea aurreikusten duzue. Horregatik guztiagatik, alde bozkatuko dugu. Dena den, gabeziak batzuk ere ikusi ditugu. Gure ustez, imigrazioari buruzko diagnostikoa egiteko teknikari baten beharra dago, eta osasun zentroaren sarreran irisgarritasun lanak egitea ezinbestekoa dela uste dugu".
Alderdi Popularreko zinegotzi Julio Perez de Arriluzeak kontrako botoa eman zuen. "Hil bukaerara heltzeko arazoak dituzten herritar asko daude, eta bien bitartean udalak kredituak eskatzen ditu aurrekontuak estaltzeko. Kredituak eskatu beharra ez edukitzeko estrategia landu beharko zenukete. Zuek darabilzuen filosofia ez dut ulertzen. Horregatik guztiagatik, aurka bozkatuko dut".
PSOEko zinegotzi Blanca Roncalek bat egin zuen aurrekontuekin: "Egun bizi dugun egoerarekin ezin dugu miraririk egin. Aurrekontuarekin ados nago bi arrazoirengatik: inbertsioak mantentzea erabaki duzuelako, eta gizarte zerbitzuetarako gastuak igoko dituzuelako. Inportantea da lanpostuak sustatzea, eta dirulaguntza behartsuen artean banatzea. Bestalde, Udabilderako onartu duzuen dirulaguntzarekin ez nago ados".
ezker abertzalearen iritzia
Ezker Abertzaleak "salatu" zuen  aurrekontuak onartu zituztela seigarren urtez jarraian Oñatiko bigarren indar politikoari bozketan parte hartzeko aukera eman barik.
Euren irizpide nagusiak ere azaldu zituten: Udalbiltza Garatzeko Proiektuak izeneko atala onartzea; AHT proiektuaren aurkako politika bultzatzea; etxebizitzen inguruko politika aurrerakoiak martxan jartzea; lurpeko edukiontzien eta kirol konplexu integralaren aldeko apustua; eta Santa Marina plaza eta San Martin zuhaiztia berreskuratzea. Bestalde, merkataritza txikiaren alde lan egitea beharrezkoa dela esan zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak