20 urte bete ditu Lege Soziologia Institutuak

Oihana Elorza Gorostiza 2009ko uzt. 3a, 10:42
Lege soziologian adituak diren 230 lagun baino gehiago etorriko dira datorren astean Oñatira, urteurrena ospatzeko antolatu duten kongresuan parte hartzera.

Konplexutasuna, Gatazkak, Justizia. Lege Soziologia 20 urtez izenburua du kongresuak eta uztailaren 7tik 10era egingo dute.

40 saio
Egitarau zabala prestatu dute. Guztira, 40 saio antolatu dituzte. Bertan, azken hogei urteotan, mundu mailako hainbat gertaera eta prozesu garrantzitsuk munduan eragin dituzten aldaketak, eta gizarte- eta zuzenbide-mailan ekarri dituzten ondorioak aztertuko dituzte. Besteak beste:

  • merkatuen transnazionalizazioa
  • estatu-nazioaren krisia
  • lan-arloko aldaketa sakonak
  • garapen teknologikoa
  • migrazio-prozesuak
  • pertsonen trafikoa
  • pertsonen lekualdatzea
  • hirien hazkundea
  • ingurumen-arriskuak
  • terrorismoa
  • droga-trafikoa
  • biolentzia politikoaren eta sozialaren aldaera berriak
  • giza eskubideen bortxa etengabea
  • gizarte-mugimendu transnazionalen sorrera eta mugimenduok politika globalean parte hartzea
  • tentsio kultural, etniko eta erlijioso berriak.

Sesioak Oñatiko hainbat aretotan ospatuko dira: Udaletxean, Kultur Etxean, Bake Lekuaren areto nagusian, Santa Ana Auditoriumean edota LSNEaren egoitzan.

LSNEaren historia
Oñatiko Lege Soziologiako Nazioarteko Elkartea 1989an jaio zen, mundu guztiko lege-soziologian adituek eztabaida eta elkargune bat izan zezaten. Ideia zientifikoak azaldu, eta interesatutako pertsonei kurtso eta hitzaldiak emateko topalekua izan nahi zuen. Sortu aurretik idatzitako protokoloak dioen bezala, “Institutu horren helburua izango da, Soziologia Juridikoak lantzen dituen arlo desberdinei buruz une bakoitzean garatzen diren ikerketen ekarpen, eztabaida, azterketa eta konparazio bidez aurrera egitea”.

Elkartearen jatorrian bi ardura nagusi daude: batetik, Research Committee on Sociology of Law, (RSCL), –lege-soziologian adituek teoria desberdinak eztabaidatzeko sortu zen nazioarteko foroa–, eta bestetik, Euskadin lege soziologia garatu nahi zuen Eusko Jaurlaritzako Presidentzia eta Justizia sailburua zen Juan Ramon Guevararena. Proiektua benetan gauzatu zen Eusko Jaurlaritzak Oñatiko "Sancti Spiritus" Unibertsitatea Elkartearen egoitza izateko eta Antia Erresidentzia, XVIII. mendeko jauregia, ikertzaile, irakasle edota ikasleak Oñatin zeuden bitartean bertan hartzeko eskaintzarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak