Arabako Foru Aldundiak eskerrak eman nahi izan dizkio Paulo Coelho idazle brasildarrari, El Zahir bere azken liburuko kapitulu batean Gasteizko Santa Maria katedralari buruz idazteagatik. Eta han Araba bihotzean saria jaso, eta Oñatira etorri zen, liburutegian liburuak sinatzera. Euskal Herrira egindako bidaia honetan bi lekuok baino ez ditu bisitatu.
"Ikaragarri gustatzen zait Euskal Herria"
Zazpietan zen hitzordua eta jendez beteta ziren ordurako Oñatiko kultur etxea eta inguruak. Puntual iritsi zen Coelho, eta komunikabideentzat izan zituen lehen hitzak, kazetariok hala eskatuta. Oso gustura dagoela eman zuen aditzera: "Ikaragarri gustatzen zait Euskal Herria, eta lagun asko ditut bertan. Izugarria da bere edertasuna, ez dakit zuek jabetzen zareten horretaz, izan ere, batzutan bat ohitu egiten da eta ez du duena estimatzen. Hau izugarria da guretzat".
Oñatiko herriaren esker ona
Oñatiko alkateak eskerrak eman zizkion herri osoaren izenean. Idazle handia eta pertsona ikaragarria dela esan zion, eta Oñatiri buruzko liburua eta DVDa eta domina bat eskaini zizkion. Lanean jarri zuen segidan; Lourdes Idoiagarena izan zen idazleak sinatu zuen lehen liburua.
Ikusmin handia
Ikusmin handia piztu zuen Paulo Coelhoren bisitak. Zonaldeko komunikabideez gain, Oñatin izan ziren atzo Efe agentzia eta Telemadrid, besteak beste, eta bertan bildu ziren Debagoieneko eta beste hainbat tokitako jarraitzaileak ere.
Oñatin bizi diren brasildarrek ez zuten atzoko hitzordura hutsik egin nahi izan, eta bertan zen, nola ez, Juana Uribetxeberria ere, Paulo Coelhoren lagun oñatiarra. 86an ezagutu zuten elkar Donejakue bidean, eta harreman ona mantendu dute orduz geroztik. Handik hamar urtera, 96an, etorri zen lehendabizikoz Coelho Oñatira, San Migel txikitara, eta 20. urteurrenean bigarren bisita bat egin du.