Bi orduko bertso jarduna "serio, parrez, suabe"

Irati Agirreazaldegi 2006ko urt. 6a, 16:56
Zubikoa kiroldegia jendez lepo bete zen, 600 lagunetik gora ziren bertan, Errege bezperako bertso saioa entzuteko. Sei bertsolari oholtza gainean, seirak Txapelketako finalistak: Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Igor Elortza eta Unai Iturriaga. Egoitz Aizpuru oñatiarraren esanetara jardun zuten bertsotan.

Txalo eta oihu artean hartu zituzten zaleek bertsolariak eta agurren ostean guztiek ofiziotan egin zuten. Umore kutsuan batzuek, serio besteak eta goxo antzean ere bai, Egañak azken agurrean esan zuen modura.

Serio antzean hasi zen saioa, baina Iturriagak eta Lujanbiok jendearen barreak lapurtu zituzten. Bikotea ziren eta Gabonetan Unaik oparitutako kolonia oraindik Maialenek ez duela erabili esan zien gai jartzaileak.

Amets Arzallus egun hartako misioarekin bat ez zetorren ertzainaren paperean ipini zuen gai jartzaileak. Oñatin, gaztetxearen eraistea aipatu gabe ezin utzi eta hiru bertso polit bota zituen hendaiarrak.

Ofiziotan berriz

Ondoren berriz ere ofiziotan egin zuten seirek, bikoteak aldatuta. Tabakoaren legeaz jardun zuten Mendiluzek eta Elortzak; Lujanbiok eta Egañak jubilatutako emaginaren eta enterratzailearen ahotik kantatu zuten eta bertsoaldi honetan ale politak entzun ahal izan ziren. Unaik eta Ametsek fikziozko gai bati eutsi zioten gaztelu baten topo egin zuten mamuaren eta ikertzailearen arteko elkarrizketan.

Mendiluzek bakarka jardun zuen eta berriz ere egin zuten gero ofiziotara.. Maialenek eta Aitorrek saio polita egin zuten errege bezperan lorik egin ezinda altxatu den umearen eta opariak ipintzen ari den aitaren paperean.

Puntuari erantzuten

Seina punturi erantzun zieten Egañak eta Iturriagak ondoren, eta entzun zen ale politik; txapelketa, gaztetxea, eliza eta Gabonak izan zituzten gai.

Lantegira eraman zituzten bertsolariak ondorengo bi bertsoaldietan. Mediku azterketa izan zen lehenengo gaia eta kopletan bi langileren arteko eztabaida entzun genuen ondoren. Jaialdiari Gabon kutsurik ere ez zitzaion falta izan; lagun izkutuaren jolasa egin baitzuten bertsolarien artean.

Puntuka amaitu zuten saioa eta erre barik egindako bi orduak izan zituzten gai. Egañak argüí utzi zuen saiorako “ideiak sobera baina hatzazkalak faltan zituela”.

Bi ordu pasa bertsozale oñatiarren gozagarri; eta hurrengoan ere han ikusteko nahia azaldu zuten bertsolariek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak