Euskararen jatorriari buruzko teoria bitxiak entzun ziren Arantzazun

A.G. 2005ko aza. 21a, 10:40

Euskararen jatorriari buruzko lehenengo jardunaldian Bittor Kapanagaren hiru azpi-hizkuntzen teoriaz eztabaidatu zuten arratsaldeko saioan.

"Elkarren berri izan barik ari gara lau elkarteak eta gaurkoa entzumen ariketa bat izatea nahi dugu, bide batez norberaren teoria aberasteko. Izan ere, gure harrikada da pentsatzea norberak duela egia osoa", adierazi zigun Josu Naberanek zapatuan Arantzazun egin zen biltzarraren etenaldian.

"Jendeari euskararen jatorria azaltzea ere badugu helburu, jende asko baitabil euskararen jatorriaren gainean lanean. Ikerketa genetiko batzuek diote europarrak antzinako euskaldunetatik datozela eta hori guztia aztertzea dugu helburu", azaldu zigun berak.

Euskara eta izadia

Horrelako gaietan ezjakin hutsak garenondako bitxikeria askotxo izan ziren errenkadan entzuteko, baina jakin-mina pizteko modukoak ere izan zirela aitortu behar. Horietako bat Jesus Segurolaren euskararen eta izadiaren arteko teoria izan zen. Bere esanetan "jendeak beldurra dauka euskara izaditik datorrela esateko, izadia eta gizakiaren arteko harremanetik datorrela esateko", adierazi zuen zumarragarrak. Hortaz, adibide pare bat eman zituen izar berbari buruz: "iz argia da, a, berriz, gaia edo objektua eta r-k -dun esanahi du. Hortaz, argi gaia duena da izarra".

Segurolaren ostean etorri zen Antonio Mendizabal, toponimian oinarritutako bere teoriarekin. Luze jo zuen Mendizabalek leku izenen jatorrian dagoen erro euskalduna azaltzen eta hainbatetan barrea eragin zuen biltzarrera joan zirenen artean. "Hitz zeltikoak, barbaroak eta beste batzen dira euskal toponimian", azaldu zuen Mendizabalek haitzulo, mendi, ibai eta beste hainbat leku-izen zerrendatu ostean.

Lau elkarteren artekoa

Mikoleta, Euzko Izaera, Bizi-Hitza eta Ena elkarteek antolatu dute Euskararen Jatorriaren I. Biltzarra. Arantzazuko frantziskotarren etxean egin zuten zapatuan. Aretoa bete egin zen euskaltzaleekin eta euskara adituekin. Goizeko saioan zortzi lagun aritu ziren euren teoriak azaltzen. Arratsaldekoari zain egon ziren guztiak. Izan ere, Bittor Kapanaga hizkuntzalari otxandiarra Erroa eta gara teoria azaltzekoa zen. Eguerdi aldera iritsi zen Bittor, Gontzal Mendibilek lagunduta. Bazkaltzeko ordura arte geratzen ziren bi hitzaldiak entzuteko aukera ere izan zuen.

Urteroko biltzarrean urtean teoria bana sakontzea erabaki dute antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak