Arantzazuren etorkizuna bermatuko duen Adiskideak elkartea eratu dute

A.G. 2005ko aza. 7a, 09:21
Ia 700 bazkide ditu eta zapatuan onartu zuten lehenengo zuzendaritza batzordea. Fraideak gutxitzen ari direla eta, Arantzazuren nortasuna gal ez dadin egingo dute lan.

Arantzazu hiru ardatzen inguruan osatuta dago: natura, erlijioa eta kultura. Eta frantziskotarrak kezkatuta daude hiruko horren etorkizunarekin, Iñaki Beristain frantziskotarrak azaldu digun moduan: "Arantzazuren etorkizuna fraideen aldetik ez da batere segurua, gutxitzen goaz, eta ez dugu Arantzazuren nortasuna galtzen utzi nahi. Galtzen ez lagatzeaz gain, nortasun hori garai berrietara egokitu eta garatu nahi dugu. Gizarte honi dagozkion moldeak behar ditu. Baina esan bezala, fraideok gutxitzen goaz, eta gu bukatzean zer gertatuko da Arantzazurekin? Laguntza beharrean gaude".

Horren haritik, Adiskideak izeneko elkartea eratu berri dute, Arantzazuren eta haren misioaren etorkizuna bermatzeko: santutegiarena, kultura topagunearena eta ingurune natural bikainarena. 2001. urtean hasi ziren Adiskideak elkartea sortzeko ahaleginean, V. mendeurrenarekin batera, eta duela hilabete pasatxotik, baimen guztiak jaso eta elkarte izaera du. Dagoeneko ia 700 adiskide ditu -Euskal Herri guztikoak, gehienak gipuzkoarrak badira ere- eta zapatuan, lehenengo zuzendaritza batzordea aukeratu zuten Gandiaga Topagunean egindako batzarrean.

Lehenengo batzordea

Ehun bat adiskide batu ziren zapatuko batzarrean eta bederatzi lagunez osatutako lehenengo batzordeari oniritzia eman zioten. Lehendakaria Angel Iturbe Oñatiko alkate ohia da. Ekainera arte jardungo du batzorde horrek; ondoren, hauteskundeak egingo dituzte-eta, berria osatzeko. Zapatuko batzarrean adostutakoaren arabera, oraingo batzordeak lan ildoa zehaztu eta planifikatu egingo du ekainera bitartean. Iñaki Beristainek azaldu duen moduan "indarrak zertan jarri behar ditugun ikusteko, elkarteko kideek zertan lan egin nahi duten zehazteko eta lan ildoa markatzeko" garaia da orain.

Bake eta adiskidetzazko zentro berria

Lehenengo zuzendaritza batzordea aprobetxatuz, eskaera berezia ere egin zien Beristainek, fraideen aldetik, adiskideei batzarrean: hasierako indarrak sortzen diharduten Bake eta Adiskidetzazko zentroan erabiltzea. Askotariko istiluak –politikoak, sozialak... – askatzeko zentroa izatea nahi dute, eta "proiektua oso aurreratuta" dagoela eta "laster" egongo dela prest gehitu zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak