Ruper Ordorika: "kanpoan ikasi dut noraino naizen hemengoa, eta alderantziz"

EuskonewsGoiena.net 2005ko ots. 11a, 13:41
Euskonews & Mediak egindio elkarrizketa oñatiarrari. Han jaso dira bai Oñatiren gaineko iritziak zein bere ibilbide emankorraren zipriztinak. Handik atera ditugu pasarte batzuk. Besteak beste dio "beldur naiz kooperatibisten asmo handi horiekin".

Atxagarekin sortu zuen Pott

Atxagarekin sortu zuen Pott

Pott aldizkaria sortu genuen. Nonbait errealitatea interpretatzeko beste era bat zen Pott. “Kontsumoaren aurka, sormena” esaten zen orduan. Kontrakultura deiturikoa. Hasteko, bakoitzak bi lagun ekarri genituen. Orain ikusita, nik zinez lagun bereziak deitu nituen, Joseba Sarrionandia eta Jon Juaristi. Bernardo Atxagak, ordea, Joxemari Iturralde. Ez dakit biologiak zein lege dauzkan, baina halako lege batengatik elkartuko ginen. Harreman hura eta astero antolatzen genituen bilera haiek geroan egin dudan oinarrian daude. Ordurako abesten nuen, baina lagun haien babesa oso garrantzitsua izan da nire ibilbidean. Bitxia bada ere, hainbeste urte pasa ondoren, guztiek, norberak bere alorrean, badute zeresanik.

Ibilbideak helmuga zehatza du?

Ez dut uste. Kantuan aritzeko nahia dirau. Zaila da azaltzea, baina niretzat abestea ezinbestekoa da. Historian zehar kultura, hizkuntza, tribu eta gizaki guztiek egin dute hori, kantatzea, alegia, eta nik kate horretan nirea egiten dut. Nahi horrek hasieratik dirau eta egiten dudanaren ardatza da. Horrez gain, oso musikazalea naiz, eta horrek sormen berriak egitera bultzatzen nau, beti hariari tiraka nabilelarik. Nire ibilbidean ez naiz batere taktikoa izan, baina oraindik sakondu behar dudala pentsatzen dut.

Sekretua jendea erakartzeko

Denbora luzez ez dut entzulea aintzakotzat hartu. Hauxe behar dut egin, eta egiten dut. Agian, orain gehiago hartzen dut kontutan. Bestalde, gure eginkizunetan, artean hitz xeheekin bada ere, gauza asko sinesgarritasunarekin zerikusirik dutela iruditzen zait, zein benetakotasun maila duzun... Nik, entzulea naizenean, hori eskatzen dut, eta eszenatokian nagoenean, hori eskaintzen saiatzen naiz.

Oñati Ruperrendako

Niretzako Oñati handiegia da. Orain beldur naiz kooperatibisten asmo handi horiekin, gure bailara osoa auzune produktibo bat bilakatuko dute eta. Hamaika urte nituela, Oñati utzi eta Gasteizera etorri nintzen, baina beti itzultzeko gogoa izan nuenez, Oñatin nago egun. Lasai egoten naiz han, ez dakit zergatik. New York, Habana, Shangai edo 1000 biztanletako herri bat... bizi izateko muturrekoak erdibideak baino gehiago gustatzen zaizkit. Gainera badaukat nomada punttu bat, beti ere aldatzeko gogoa baitut. Niretzako ez dago inongo kontraesanik. Nik kanpoan ikasi dut noraino naizen hemengoa, eta alderantziz.

Gasteizen entseguak egin

Gasteizen oso instrumentari onak daude, eta haiengandik asko ikasi dut. Hemen bezainbeste ez dago inon, ezta Bilbon ere. Bestalde, Hertzainak taldearen garaian musikak urte emankorrak izan zituen Gasteizen. Halere, hemen hazitakoa izan arren, Gasteiz pasabidetzat hartu dut beti.

Hiru Truku eta bakarkako lana

Ez dakit, ez dakit. Orain bai. Nire inspirazio iturri bat dira kantu zaharrak eta Hiru Truku osatzen dugun hiru musikarien oreka oso ona da. Nire bakarlana konplikatuagoa ikusten dut beste merkatal korronte guztien arabera baitabil. Urteek aurrera egiten dute eta gauzak ez dira aldatzen. Atxagak dion bezalaxe, euskaldunok lan bikoitza dugu.

Elkarrizketa osoa Euskonews-en

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak