Ez, ez, ez, 12 metro ez

Aldarrikapen horrekin amaitu zen aurtengo San Juan bezperako gaua Aretxabaletan, kinttuek tantaia igo zutenean.

Hurrengo lerroetan, egun horretan gertatutakoak eta aurrez Udalak hartutako erabakiak laburbiltzen saiatuko naiz.

Tantaiaren igoerak dituen arriskuez jakitun eta bertara gerturatzen den herritar ororen segurtasuna bermatu nahian, Udalak erabaki batzuk hartu zituen. 

Batetik, ikusle diren herritarrak babesteko, plaza guztia inguratzea erabaki zen. Barruko eremua tantaia igotzen dutenentzat bakarrik izango zen, eta ez herritarrak ibiltzeko. 

Bestetik, tantaia igotzeak duen arriskua gutxitze aldera, tantaiari neurri bat jartzea erabaki genuen. Udal teknikariekin bildu ostean eta plazan neurketa batzuk egin eta gero, tantaiari 15 metroko muga jarri genion.

Erabaki horiek hartuta, ekaineko bigarren astean aurtengo kinttuekin bilera bat izan genuen, eta bertan neurri horien berri eman genien.

San Juan bezpera egunean, kinttuek tantaia plazara ekarritakoan, tantaia neurtu eta nondik moztu behar zuten adierazi zitzaien. Mozketa ez zen, baina, behar zen tokitik egin eta tantaiak 15 metro baino gehiago izaten jarraitzen zuen. Ondoren, kinttuen eta Udalaren artean izandako gaizki-ulertu bategatik, lehenik kinttuek moztu zuten falta zen zatia, eta jarraian, kinttuek oraindik zati hori moztu gabe zutela pentsatuz, Udaleko ordezkariak beste zati bat moztu zuen. 

Hemendik, beraz, eta aurreko astean eurekin izan nuen bileran adierazi nuen bezala, bakarmena eskatu nahi diet kinttuei Udalaren izenean, tantaia adostu baino txikiago geratzeagatik.

Dena den, uste dut hartutako neurriak beharrezkoak direla, eta datozen urteetan ere horiei eustea interesgarria litzatekeela deritzot.

Besterik gabe, neurri hauek hartzea ulertuko delakoan, agur bero bat.

----------

Zigor Quintanilla Elkorobarrutia

(Aretxabaletako Udaleko Kultura zinegotzia)

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak