Jainkoa beltza balitz

Erabiltzailearen aurpegia Zulai Plazaola 2014ko urr. 27a, 08:57

Aspalditik ondorengo hau galdetzen diot neure buruari: zergatik kostatzen ote zaio horrenbeste jendeari beltz hitza erabiltzea arraza beltzeko pertsona bati buruz aritzen denean? 

Alexis Valdesek bakarrizketa baten dioenez, beltz hitzak konnotazio txarrak besterik ez du: egun beltza, izurrite beltza, merkatu beltza… eta batzuek, beltza den norbaitez hitz egiterakoan, morenito, koloredun, belztxo… hitzak erabiltzen dituzte. Gainera, tonu susmagarrian egiten dute, beltz hitza erabiltzea negatiboa eta erdeinuzkoa dela pentsatzen dutela aditzera emanez. Badirudi lotsa sentitzen dutela hitz horiek erabiltzeko orduan… 

Lotsa nik sentitzen dut pentsatzerakoan pertsona hauek, esate baterako, irakasleak, medikuak edo psikologoak… izan daitezkeela edota integrazio sozialaren alde egiten duten erakundeetan parte har dezaketela. Noren esku gaude?

Azken hau aipatu ondoren hurrengoa planteatzeko aprobetxatzen dut: geroz eta elkarte gehiago eratzen dira, besteak beste, etorkinen integrazioaren alde egiten dutenak. Hain zaila da gure ingurunean integratzea elkarte hauen beharra izateko? 

Gauza ikaragarriak entzun behar izan ditut. Behin, etorkinekin lanean aritzen den hezitzaile batek, haur kanpotar batekin hain ondo konpontzen nintzela ikustean, ondorengoa esan zidan: "Antzeko kolorea daukazuenez, zurekin identifikatuta sentitzen da". Nola liteke edozeinek hori esateko ausardia izatea? Are gehiago, nola liteke hezitzailea den pertsona batek hori esatea? Haur hori eta ni ondo konpontzen baginen, ez zen azal kolorearengatik, enpatia kontuagatik baizik.

Gaur egungo gazte batzuk berdintasunaren alde borrokatzen diren arren, badaude batzuk, tamalez, horren aldeko apustu egiten dutenak baina praktikan beste jokabide batzuk izaten dituztenak. Bakoitzak hausnarketa egin dezala.

Jainkoa beltza balitz, gauzak ezberdinak izango lirateke…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak