Gaur 100 urte jaio zen oñatiar hau; José Domingo Milicua Illarramendi, 1921eko maiatzaren 12an Alzaa (Kalezarra) kaleko 15 zenbakian. Gurasoak Florencio Milicua Inza, erlojerua (anticuario) eta ama Carmen Illarramendi Osinaga, Villaseca de la Sagra (Toledo). Oñatitik Bilbora, handik Bartzelonara eta ikasketak bukatu ondoren, Italiara joan zen, han Roberto Longhi irakaslearekin -XX.mendeko arte historialaririk onenetakoa- arte historiari buruzko formazio lanak betetzera. 2013ko maiatzaren 20an zendu zan.
Milicuari buruz idatzitakoak irakurrita, Caravaggio-ren lana hobekien ezagutzen zuen nazioarteko espezialista moduan izan zen ezaguna oñatiarra. Baina lehengo artea ez ezik, Arte Ederretako irakasle izanik, momentuko artea ere jarraitzen ei zuen Milicuak eta harreman estua izan ei zuen XX. mendean arte garaikidea egiten zuten artista espainiarrekin, eta kataluniarrekin berezik. Unibertsitateko arte irakasle izateaz gain, mundu osoko museoetako kolaboratzailea izan zen eta bere iritziak errespetatuak izaten ziren oso. Komisario ere izan zen makina bat erakusketetan. Prado museoarekin oso harreman estua zuen eta antza, Georges de La Tour egilearen San Jerónimo leyendo una carta izena duen obra berreskuratzen eta identifikatzen lagundu zuen.
Sariak ere jaso zituen Milicuak. Adibidez, 2008 urtean Padro Museoaren Adiskideak Fundazioak omenaldia egin zion eta Ferdinando Bologna, Erromako Tor Vergata unibertsitateko katedradun emeritua, etorri zen omenaldira. San Fernandoko arte ederren akademiak ohorezko akademiko izendatu zuen.