Eztabaida handia piztu du aurten album horietan azaldu den irudi jakin batek. Istorioak kontatzen zuen emakume bat zain zegoela etxeko logelan, zain noiz iritsiko ote zitzaion eskutitz bat etxera, zain ere agian bere laranja-erdia helduko zen. Emakumea, leihotik begira, postariaren zain zegoen.
Bestalde, irudian zera azaltzen zen: emakumea ohean etzana, zain, Goyaren Maja margolanaren pose-moduko batekin eta puntilazko kamisoi tiranteduna soinean. Lurrean, zera, zapatila borladunak, bonboi-kaxa bat, egunerokoa, ispilua eta musika entzuteko gailua zituen. Esan gabe doa guztia arrosa-tonu pastelezkoan azaltzen zela.
Irudiak sekulako iskanbila sortu zuen. Nola da posible emakumea horrela irudikatzea? Eta, are larriago, nola da posible, gainera, emakume ilustratzaile batek emakumea horrela irudikatzea?
"Eta zuek nola irudikatuko zenukete zain dagoen emakume bat?", galdetu zigun, orduan, irakasleak. Horrelakoak bota genituen: Ordenagailu parean lanean! Mahai baten atzean! Pintura eta koaderno artean! Whatsappekin jo eta su! Twitterren! Tesia egiten, liburuz inguraturik! Irakurtzen, edo idazten! Telesail bat ikusten!
Proposamen alternatibo ugari eman genituen, baina, egia esateko, ez genuen inork irudikatzen gure burua printze urdinaren zain… Auzia hortxe zegoen, istorioak adierazten zuenarekin, hain zuzen, emakumeok ez dugula inoren zain gelditu behar etxeko logelan.