Akaso, zeharka, jaramonik egin barik begiratuko diegu album mutu gisa izendatu ohi diren liburuei; gurean oraindik nahiko ezezagunak. Album edo liburu ilustratu mutuak testurik gabeko liburuak dira (nago mutu hitzak ez diela mesede handirik egiten); irudi hutsez komunikatzeko gaitasuna dute, baina erne! testu ezak ez du esan nahi istorio edo narraziorik ez dutenik.
Gaur egun aurreiritziz betetako azpi-generotzat jotzen da album mutua. Ilustrazioa urrun dago testuaren menpekotasunetik askatzeko eta, ustekabean bada ere, irudiak bigarren mailako apaingarritzat hartu ohi dira.
Horregatik, oker, irakurtzen ez dakiten haurrentzat bideratzen dira sarri hitzik gabeko liburuak, errazak direlakoan.
Testuak interpretatzeko gaitasuna dugu, baina eta irudiak? Hitzik ez denean, orrialdeak azkar pasatzeko joera dugu, irudien xehetasunetan erreparatu gabe. Irudiz inguratuta bizi gara, baina nola irakurri: ez dugu ikasi, ez digute irakatsi.
Bitxia da Euskal Herrian ez egotea autorerik album muturik argitaratu duenik (autoedizioak aparte). Liburu mutuek, hizkuntzaren muga gaindituta, aukera aparta eskainiko lukete gure istorioak munduan zehar zabaltzeko.
Momentuz, atzerrikoekin konformatu beharko gara.