Sotoko gunea familia gunea da, eta Oñatiko haurren eta euren gurasoen erreferentziazko tokia izan nahi du, Udal Ludotekarekin batera. Horrela, gune honek 0-7 urte arteko haurren eta helduen arteko jolasa sustatzea eta, edozein eguraldi dagoela ere, jolaserako leku apropos bat bermatzea du helburu nagusi. Horretaz gain, helduengan haurrekin jolasten elkar-aritzeko garrantziaren kontzientzia sustatzea da zerbitzuaren oinarrietako bat.
Gune honetan hezitzaileek ez dute arreta zuzenaren bidezko esku-hartze hezitzailerik eskaintzen, bertan dauden gurasoen ardura baita sotoko, zein elkarbizitzako arauak, betearaztea.
Gauzak horrela, maitagarrien ipuina izan zitekeena, egun askotan, amesgaizto bihurtzen da sotoan. Zabalik dagoenean, Gaztelekuko sotoak, batzuetan, oihan bat dirudi, eta zer esanik ez ixten denean; ikustekoa da ekipamendua nola geratzen den. Guztioi gustatzen bazaigu gauzak utzi ditugun bezala aurkitzea, guztioi gustatzen bazaigu besteen haur nagusiagoek gure txikiak errespetatzea, inori ez bazaio gustatzen besteek bere gauzak apurtzea… ez dugu ulertzen guraso eta arduradun batzuen arau hauekiko portaera.
Jakin badakigu ezin dela orokortu, eta portaera hauek ezin zaizkiela umeen guraso eta arduradun guztiei leporatu. Baina jakin badakigu ere, portaera hauek aldatzeko neurririk ez bada hartzen, ondoren beste neurri zorrotzago batzuk hartu beharko direla, guztiei afektatuko dietenak, gainera.
Beraz, ohar honen helburua, alde batetik, erabiltzaile guztiak jakinaren gainean jartzea, eta bestetik, eskatzea; erabiltzaile bakoitzak bere esku dagoena egin dezala sotoan batzuetan gertatzen den egoera aldatzeko.
Ulertuko duzuelakoan.
----------
Xabi Pico
(Haur eta Gazteria Saileko langileen izenean)
Oñati