'Euskadi' hitza dela eta, Aintzane Oiarbideri eta beste batzuei zehaztasuntxo batzuk

Ez nuen zure zorterik izan, nire garaian ez zegoen-eta ikastola klandestinorik.

Euskara bakarrik nekien eta nire lehenengo maisuak, Don Vitorino Prietok (Leongoa, Astorgakoa) erakutsi zidan gaztelania, nahiz eta berak ez zuen euskarazko hitz bakar bat ere ikasi.

Galdetzen zigunean, "¿cuáles son las provincias Vascongadas?", guk baino urte bat edo bi gehiago zeramanen batek erdi isilean esaten zigun: "Vizcaya, Álava y Guipúzcoa erantzun". Eta hala botatzen genuen.

Ogibidez irakaslea naiz, eta uste dut hitzak eta esanahiak elkarrekin joan behar dutela. Bestela, nahaspilak sor daitezke.

Gure aitaren familia osoa abertzalea eta EAJkoa zen, eta Euskadi hitza entzunda begiak pizten zitzaizkien haiei. Noski, ondoren zetozen "gora" eta "askatuta".

Gaur egun bizi balira, lotsa sentituko zuten askoren Euskadi hitzaren erabilera dela eta. Euskadi hitza ez zuten ulertzen Don Vitorinok esandako "Vascongadas" bezala. Eta ez zitzaien burutik pasatzen Franco hil eta handik berrogei urtera oraindik frankistek aginduko zutenik. Zeren gogoratzen dizut Oñatin oraindik eta hainbat lekutan kuartelak daudela eta haiek agintzen dutela gehien.

Oso abeslariak ziren familian, eta nik 10 bat urte nituenean, nire anaia guztiek bezala, buruz genekizkien abesti asko. Adibidez, Pello Mari Otañoren bertso eder hauek:

Zazpi ahizparen gai dan oihala / ebakirikan erditik / alde batera hiru soineko / utzirikan lau bestetik / guraiziekin bereizi arren/ bakoitza bere aldetik / ezagutzen da jantzi dirala / zazpiak oihal batetik.

Oihaltzat hartu zagun EUSKADI / guraizitzat Bidasoa / ibai koxkor bat, besterik ez da / hutsa balitz itsasoa! / Elkarren hurbil daude zazpiak /muga deitzen da "pausoa" / zergatik izan behar ez degu / famili bakar osoa.

Arbola baten zainetatikan / sortzen diren landareak/ bezala gera bi aldetako / Euskal herriko jendeak / berdinak dira gure jatorri / ohitura eta legeak /Ama Euskarak magal berean / hasitako senideak.

Begira noiztik eta nola erabiltzen zuten gure aurrekoek Euskadi hitza.

"Baskongadetako" gobernadorea edo zuzendaria edo... deitu diezaiogun, baina inoiz ez "Euskadiko lehendakaria".

----------

Xabier Ormaetxea 'Txerren'

Aramaio

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak