Bateratasuna dela eta

Mikel Irizarri Goienan irakurri nion eta Euskadi Irratian entzun zerbait Aberri Eguna dela eta.

Hasteko, esan zuen hitz horrekin adierazi nahi dela inor baztertu gabe denon artean komunitatea eginez goazela eta batasun horrek denok eta dena hartzen dituela eta komunitatea zabalduz azkenean mundu guztia ere sar litekeela horren barruan.

Aspalditik bera ez dela joaten Aberri Egunera, komunitatearen zatiketa bat ikusten duela eta.

Aurtengoa nahiko ederra ikusi duela denok batera – gutxi gorabehera– ospatu dugulako.

Hasteko, gogoratu nahi diot ia egunero txalotzen ditugula leihoetatik Osakidetzako langileak, egiten ari diren lan miresgarria eskertzeko, eta hor nik ere senti dezaket bateratasun hori.

Baina gogoratu nahi diot igandean Aberri Eguna zela. Eta, dudarik gabe, abertzaleok ospatu eta ospatzearekin batera gure herriak duen askatasun gabezia salatzeko. Bide batez, aprobetxatu genuen Osakidetzako langileei eta beste hainbat herritarri egiten ari diren lana eskertzeko.

Nik ez dakit zer gertatu zen zure inguruan, baina gurean, ikurrinak, Nafarroako (Euskal Herriko) eta presoak etxeratzeko ikurrinak ziren etxe edo balkoietan zegoen jende gehien. Eta hau ez dugu egunero egiten, nahiz eta bai sentitu.

Badakit ere horren kontra gure komunitatean bizi edo dauden asko egongo zirela, Sufritu ditugun batzuk ere tartean.

Askok garbi daukagu zein den gure aberria, eta, gainera, denok errepublikazaleak gara.

Akaso, beste kontu bat izango da, baina uste dut batzuk Euskadi hitzarekin asko nahastu nahian dabiltzala, zeren ez dakit Comunidad Autonoma Vasca edo zer esan nahi duten, baina ziur nago ez dutela erabiltzen Txiki-k fusilatu zutenean "Gora Euskadi askatuta!" esan zuenaren zentzua emateko.

Horregatik, "Gora Euskal Herria askatuta!" nahiago dut.

Euskal presoak Euskal Herrira.

----------

Xabier Ormaetxea 'Txerren'

Aramaio

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak