Serioegia isilik egoteko

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Mugarza Aiastui 2025ko urt. 17a, 00:00

Gordin idatziko dut, gaia horrelakoa delako.

Beste behin, jendetza bilduko zen joan den zapatuan Bilbon. Aurreko asteetan izan dugun komunikazio bonbardaketa ez da makala izan, diru bilketa deia barne.

Komunikazio horien artean, iritzi artikulu bat aurki dezakegu, honelakoak esaten dituena, adibidez: Bi aldeetako jarraitzaile sutsuenak ohituago baitzeuden beren argudioak elikatzeko arrazoiak bilatzen adostasunerako bideetan konpromisoak hartzen baino, jakinik bide horietan beti zerbait galtzen dela

Bide hori egin dutenek zer galdu duten ez dakidan bezala, oso argi daukat haiek beste hainbati bidea hartzeko aukera kendu zietela, bake bide hori hartzea tokatzen ez zela uste zuten garaian. 

Artikulu berean, euskal gizartearena nahikoa ez, eta biktimen bozeramaile papera hartzen dute; bai batak zein besteek zer nahi eta exijitzen duten irmoki baieztatuz. Ez da txikia balentria!

Hori gutxi ez, eta beraiekin bat ez gatozenak seinalatzeko garaia dela diote –iraganeko tic-a ote?–; oztopatzaile bezala definitzen gaituzte, eta beraienganako desadostasun horretan dagoen pluraltasun zabala zaku bakar baten pilatzen dute –ultraeskuinaren marko dialektikoa–.

Hau ere badiote: Duela hamabost urte hasitako bidearen bukaerara iritsi behar da lehenbailehen. Amnistiaren eufemismo bat da? Edo zer da bidearen bukaerara iristea lehenbailehen?

Ez du sinesgarritasunik esaldi berean biktimekiko enpatia berbalizatu eta ETAkoak preso politikoak direla dioenak.

Ziur aski, detaileek laguntzen dute bizi izan dugunaren dimentsioaz kontzientzia hartzen.

Adibide bezala, 27 minutos film laburra ikustera gonbidatzen zaituztet: https://www.youtube.com/watch?v=GDXzkJhzg8Y.

Horrelakoak egin, agindu eta hauspotu zituztenek ez dute oraindik barkamenik eskatu, ezta astakeria izan zela aitortu ere. Are gehiago, barkamena eta damua erakutsi duten horiek beraien eremuetatik baztertu dituzte. Haietaz ari gara hemen, batzuk konturatzen ez direla ematen duen arren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak