Hori horrela izanda, askotan galdetu izan diot nire buruari zergatik ez nintzen Gestoren kontzentrazioetara sekula joan; ez Donostian, unibertsitatean, ezta Oñatiko plazan ere. Koldarra, erosoa, epela… horiek guztiak egongo ziren tartean. Kontraesankorra dirudien arren, eredugarria iruditu zitzaidan Gesto hasiera-hasieratik. Hasiera haietako hainbat gestokide ezagutzeko aukera izan dut eta oraindik ozenago esan dezaket gerturatu ez ginen guztiok oker izugarria egin genuela, bazegoela zer egin herri honen odol jarioa gelditzeko.
Biolentziaren inguruko ikus-entzunezko material ugari daukagun honetan, iaz Donostia Zinemaldian estreinatu zen eta duela aste pare batetik Filmin plataforman ikusgai dagoen Xuban Intxaustik zuzendutako Gesto dokumentala gertatutako hori ezagutu edo gogoratzeko tresna itzela iruditzen zaidanez, bailarako udal zein eskolei eskatu nahiko nieke beraien eskuetan dagoen dena egin dezatela, alde batetik, udal zinema aretoetan programatzeko eta, bestetik, DBHko ikasleekin lanketa egiteko erabili dezaten.
Nire generazioko guraso guztiei gomendatuko nieke ikustera joateko; seme-alaba nerabeak ondoan dituztela bada, hobeto.
Elkarbizitza lantzeko lagungarri izango dela ziur naiz, urte latz haietan bailarako herrietan isilean kontzentratzen zirenen lana izan zen bezalaxe. Izan bedi beraientzat nire zorion eta eskerrik ozen eta beroena.