Back is beltza

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Mugarza Aiastui 2023ko ots. 17a, 00:00

Hautsak harrotu ditu Fermin Muguruzaren Black is Beltza II: Ainhoa filmaren Goyarako izendapenak. 

Espainiako eskuin atzerakoitik boikot deialdia luzatu zuten, argudio pare bati helduta: filmak ETAren biolentzia justifikatzen duela eta biolentzia horrekiko Ferminek berak historikoki mantenduriko jarrera.

Filma oraindik ikusi ez dudanez, ezin lehenari buruzko iritzirik eman; bigarrenari buruz, aldiz, ez dut uste eztabaida handirik dagoenik; pasa den irailean DVn argitaratu zen elkarrizketa batean berresten den bezala, publikoa baita Ferminen ETAren biolentziarekiko jarrera. Adierazpen askatasunaren ikuspuntutik edukiak mugatu daitezkeela uste dudan arren, ez da zilegi pertsonak boikotatzea eta, kasu honetan, zalantzarik ez daukat bigarren bide honetatik aritu direla intrantsigentzian kokaturik dauden indar mediatiko zein politiko hauek.

Gai honek, gainera, beste hausnarketa batzuetarako bidea zabaltzen du. Hala, alde batetik, ETAko hainbat biktimak Fermini adierazi dioten babesa aipatzekoa da. Ferminek ETArekiko izan eta mantendu duen jarrera kontuan hartuta, ikusgarria da biktima hauen eskuzabaltasuna. Sakoneko aldaketak saltzen dizkiguten esparruan eman direnik zalantzan jartzen dute horrelakoek. 

Bestalde, biktimek biktima kontsiderazioa beraien pentsamendu eta ekintzen arabera lortzen dutela gogorarazi dit egoera honek. Biktima guztiekin gaude esaerak guztion ahoak betetzen dituen garai honetan, biktima guztiak babesteko era bakarra biktima bakoitza babestea da, eta hori ez du ez ezker abertzaleak ez Espainiako eskuin atzerakoiak egiten.

Fermin babestu duten biktimak ezker abertzalearentzat biktima onak diren bitartean, Consuelo Ordoñez edo Maite Pagazaurtundua baino biktimagoa da Fermin bera, eta hau horrela den bitartean badaukagu zer landu.

Gauzak nahastu behar ez diren moduan, ahaztu ere ez dira egin behar eta!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak