Duela aste gutxi, Euskadiko aztarna ekologikoa 2,65ekoa dela zioen txostena atera zuen Eusko Jaurlaritzak; hau da, euskaldunok gure beharrak asetzeko Lurra bezalako 2,65 planeta beharko genituzkeela esan nahi du horrek. 2001etik hona aztarna hau txikitu dugula egia den arren, irakurritako horrek bide okerrean goazela adierazten dit.
Erosotasuna beste edozein faktoreren aurretik jartzen dugun honetan, politikoki zuzena den diskurtsotik oso urrun kokatzen gara gure egunerokotasunean.
Horrenbeste kritikatzen dugun sistema kapitalista elikatu besterik ez dugu egiten, sortzen dizkiguten hainbat behar berri gure egiten ditugunean. Behar horietatik, zenbat gabe bizi gaitezke, ez berdin, hobeto baizik? Baina zer zaila den gutxiagora ohitzea, guztia izan duzunean!
Eta gure seme-alabekin ere ez dakit zuzen ari garen; mugikorrak –telefonoz hitz egiteko ez, beste edozertarako–, smartwatchak eta bestelakoak, adinean gero eta lehenago ematen dizkiegu, benetan beharrezkoak diren beraiekin eztabaidatu ordez, behar berri horiei men eginaz.
Honi guztiari gizarte honen Jainko berria bihurtu den berehalako asebetetze beharra gehituz gero, buelta emateko panorama benetan zaila geratzen zaigu.
Katalunia, ultraeskuina, genero identitatea eta beste hainbat gai izaten ditugu hizpide, eta, beharbada, ahaztu egiten zaigu gure eguneroko bizitzeko erak norantz garamatzan. Baliteke adinean 50erantz goazen honetan ezkortasunak beti izan dudan baikortasuna gailentzea.
Baliteke nire alabentzako mundu hobea nahi izateak ezkortasun hori indartzea. Hala ere, mundu hobe bat posible dela sinetsi nahi dut. Hala izan bedi.