Jarrera kritiko eraikitzaileak gizartea hobetzeko beharrezkoak ditugun heinean, ongietorriak horrelako jardunak. Nik neuk, artikulu hau publikatzeko datak lagunduta, kontraste bezala erabili daitekeen idatzi honi ekin diot.
Erretratuak erakusten digun lehenengo ezaugarria herri honetan bizi izan dugun egoeraren krudeltasuna da, hildakoen adina eta atzean utzi duten guztia ikusita.
Bestalde, dokumentua irakurri ondoren, galdera bat luzatuko nuke: bertako zenbat izen errekonozitzen ditugu? Ba al dakigu nortzuk ziren? Ba al dakigu batzuen familiakoak, Oñatin bizi direnak, nortzuk diren?
Egoeraren deshumanizazioa itzela izan da eta honen seinale da hamarkada luzetan ahaztu egin ditugula, ikusezin bihurtu ditugula. Tailer hauek aukera ederra izan daitezke hauek guztiak gogora ekartzeko.
Oker egon naiteke, baina susmoa hartzen diot euskal gaztedia, kartzelan egon direnak... horrelako gai ez hutsaletan zentratuko direla tailer hauek. Nire ustetan, gai horiekin batera bere tartetxoa ere beharko lukete gure herrian beraien bizia mehatxatua ikusi duten hainbat herritarrek bizi izan dituzten egoerek, bizkartzain eta guzti ibili behar izan duten herritarrenek, hain zuzen ere.
Aurrera begira, enpatia ariketa itzela behar dugu egin gizarte kohesionatua izan nahi badugu, batik bat norberak pentsatzen duenaren aurkakoa pentsatzen duenarekiko, beraienganako izan dugun jarrerarekiko hausnarketa kritikoaren bidez.
Ikusmira zabaltze aldera.