Badago zutabe hau idazterakoan zeri heldu. Hala ere, beste gai bat jorratu nahiko nuke eskaintzen didaten leihatilatxo honetan: Ezker Abertzalearen estrategia aldaketa.
Emandako pausoaren garrantzia ukaezina izanik, horretara bultzatu dituen arrazoiei buruzko hausnarketan, ikuspegi orokorrago eta sakonagoa sumatzen dut faltan.
Estrategia aldaketa prozesu horretan ikuspegi finalista gailendu da, zilegitasun edo ikuspegi etikoa alde batera utzi duena.
Autokritika, helburua lortzeko zenbaterainoko baliagarria izan den edo ez galderaren esparruan gelditu da, zilegia edo morala den edo ez den aztertzera sartu gabe.
"Euskal Herria Zutik"-era arte Ezker Abertzaleak mantendu duen postura egun batetik bestera gaitzesteko eskatzea irreala eta demagogikoa dela iruditzen zait.
Baina Euskal Herri zibiko eta errekontziliatua nahi badugu, estrategia horrek ekarri dituen ondorioen gogoeta eskatzea ezinbestekoa dela deritzot.
Eta horixe da, hain zuzen ere, Ezker Abertzaleak egin nahi ez duena; aurreko estrategiaren moraltasunari buruzko kontsiderazioa. Gogoeta hori egin gabe, emandako urratsak hankamotz gelditzen dira.
Nire ustez, funtsezkoa da jakitea, adibidez, ETAk Korta erail edo Ortega Lara bahitu zuenean, Ezker Abertzalearen ustea "orduan bai eta orain ez" edo "ez orduan ezta orain" den.Hausnarketaren ondorioa bata zein bestea izan daiteke; baina horren eta beste hainbaten eskuetan dauden beste faktore batzuen arabera, herri honek behar duen errekontziliazio prozesuaren zailtasun maila aldatuko da.
Prozesu hau garatzeko denbora beharko denez, lehentasun guztia eman eta berandu baino lehen ekitea bakarrik legoke.