Nonbait, kooperatibistak langileegiak ziren, eta ez ziren oso jabe sentitzen. Harrigarria da hala izanda interesak kobratzeari uko egitea, soldata jaistea eta euren kaleratzea sinatu izana. Jabetzaz gain, langile kontzientzia da, hain zuzen ere, elkartasunari, berdintasunari eta partehartzeari zentzua ematen diena kooperatibetan.
Abizenak gehiago balio omen zuen kualifikazioak baino. Errealitatean, ekoizpeneko langileek gehiegizko kualifikazioa zuten, horietako asko emakumeak, eta itxi aurreko azken 6 urteetan, enpleguaren erdia galdu zen. Erantzuleak dira etekinik eman ez zuten Brandt eta beste enpresa batzuk erosten 200 miloi euro gastatzeko erabakia hartu eta 1.000 milioiko zorra sortu zutenak.
Absentismoa ere arazo larria omen zen, nahiz makinak azpierabiliak zeuden, gehienezko ekoizpenetik urrun. Ez ziren langileak falta, lana falta zen.
Alferrak, entxufatuak eta berekoiak izateaz gain, ez omen ziren inolako sakrifiziorik egiteko prest egon. Langile askok 12.000 eta 18.500 euro artean jarri zituzten, ordea. Ikerketaren egileek antzeko egoeran gauza bera egingo lukete?
Dirua galdu zuten. Lanpostua ere bai. Orain, beraien erruz izan zela entzun behar dute. Ez da bidezkoa eta ez da egia.
LABen, elkartasunez eta berekoikeriarik gabe proiektu eta proposamen desberdinetan lan egin zela bizi izan genuen. Erabatekoa izan zen inplikazioa.
Ezaguna da amaiera. Ikas dezagun gertatutakoaz, etorkizunera begiratzeko, baina era objektiboan. Egindako lanaren ondarea geratzen zaigu. Ea etorkizunean baliagarria den, bai sindikalgintzarentzat eta baita kooperatibismoarentzat ere.
----------
Zorion Ortigosa eta Xabier Llodio
LABeko Industria Federazioa
Arrasate