Kartel horietan LABek dio Eusko Jaurlaritzaren industria politika propaganda hutsa dela. Eta adibide moduan jartzen ditu hainbat enpresa.
LABen akusazioak bidegabeak direla ematen du aditzera Aitor Orobengoak. Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak ezer gutxi egin ahal duelako enpresa horiek laguntzeko.
Jakitun gara Euskal Herriak behar duen industria politika diseinatzeko beharrezkoa dela erabateko burujabetza lortzea, finantza, energia, lan araudia, lege konkurtsala, nazioarteko harremanak... ez baitaude gure eskuetan. Eredu produktibo propioa eraikitzeko Euskal Herriaren burujabetza ezinbesteko bitartekoa da, ados.
Baina burujabetzarik ezaren arazoa aitzakia bihurtzen da burujabetza hori eskuratzeko bidea egin nahi ez denean.
Are okerrago, dituzun eskumenak Espainiako ereduaren translazio soila egiteko erabiltzen dituzunean.
Azken adibidea da gastuaren muga adostu izana PPrekin.
Aitor, zuk kartel bat ikusi zenuen, baina kartel horren atzean badago proposamen zehatz bat.
LABek urgentziazko hamar neurri planteatzen ditu, euskal industriaren egoerari erantzungo lioketenak. Neurri hauetako askok borondatea soilik behar dute. Beharrezkoak ez diren azpiegituretan inbertitzeari utzi, eta iruzur fiskalaren jazarpena eta zerga sistema bidezkoagoa proposatzen ditugu sektore publikoaren finantzaketa gaitasuna areagotzeko.
----------
Xabier Llodio
LAB
Debagoiena