Ñabardura ugariko hamaika erantzun egon daitezke, baina denak oinarri berekoak: munduko, Euskal Herriko, Gipuzkoako, gure herrietako botere nagusiei ez zaielako interesatzen. Kasu egiteak bizi dugun eredu neoliberal suntsitzailean ezinbesteko aldaketa handiak egitea dakarrelako, eta hori... hori hobe hurrengo belaunaldiei uzten badiegu. Gogoan izango gaituzte, hori seguru!
Zaldibarko zabortegiko luiziaren magalean harrapatu gintuen birusak. Bi langile zaborpean dira harrezkeroztik eta haien familia eta lagunak zain. Abisu serioa. Baina lasai, "edonori gerta dakioke halako hondamendi bat", horrek ez du zerikusirik ez eredu ekonomikoarekin, ez zabortegien kudeaketarekin, ez mesedekeriarekin, ezta gure bizimoduarekin ere. "Edo zer, zuk ez al duzu kotxerik erabiltzen? Edo zuk ez duzu hegazkinean bidaiatu gura?".
Ez, nik ez dakit nola aldatuko diren mundua eta gure gizarteak. Hori bai, badakit 5, 10, 25, 50 urtean... gauzak asko-asko aldatuko direla! Ez da iragarlea izan behar horretaz ohartzeko. Jakina, egin daiteke itsuarena, orain arte moduan, ezkuta daiteke gertatzen dena... eta noski, libre gara pentsatzeko Zubietako erraustegia egiteak edo kolapsora are eta ziztu biziagoan eramango gaituen tren lasterrak ez dutela zerikusirik egoera honekin. Hirietako pentsamoldearekin ortua lantzea ere debekatzen den sasoi honetan, hausnarketa bultzatzeko ia perfektua da Xabier Arzalluz zenak Lemoizko zentral nuklearraren garaietan luzatutakoa: azak edo modernitatea?
Zibilizazioen kolapsoei buruzko ikerketetan bada oinarrizko puntu bat: ekologikoki jasangarria dena baino askoz gehiago kontsumitzen jarraitzeak dakar hondamendia. Baina bada beste bat ere: eliteen isolamendua, zeinak kontsumo neurrigabeko hori ahalbidetzen duen. Trump zoroa bai, hura egon daiteke isolatua; eta munduko 60 aberatsenak ere bai... Eta gure agintari jeltzaleak? Eta Confebask-eko buruak? Mondragonekoak? Ipar hemisferioko aberatsak ote gara isolatuok?
1988an jan nuen lehen kiwia Bilbon, Bartolo lagun eta lankide zenak emandakoa. Zeelanda Berritik zetorren fruta berria. Egungo globalizazioaren hastapenak ziren, bailara honek ondo ezagutzen duen fenomenoa, besteak beste, bere kooperatibek hainbat lantoki ireki dituztelako munduan barrena, deslokalizazio uholde bizian enpresa jarduera multilokalizatuz –"etxeko lanpostuak galdu gabeko internazionalizazioa"; itzulpena nirea da–. Orain, aldiz, kontrako joera gertatuko ei da apurka munduan, egungo globalizazioari akabera emanez. Gura ala ez, desazkundea gainean da eta, akaso, mundutik apurka bailarara bueltatzeko unea ere iritsi da: erraustegi hilgarri eta AHT zororik gabeko gizarte eredua birpentsatzeko; ekonomia eredua atzekoz aurrera aldatu, publikoa, komunitarioa eta lokala indartuz. Datorkigunaren aurrean asmatzea da klabea, ez honaino ekarri gaituen hazkunde ekonomiko hilgarrian tematzea. Jakinaren gainean gaude, ez dago ezustekorik.