Gatazkaz blai

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Letona 2016ko ira. 30a, 00:00

Gatazka da gizartea mugiarazten duen gurpila, eta zibilizazioaren erronka berau "ahalik eta baketsuen" bideratzea, kontrako muturrean "ahalik eta odoltsuen" dago eta.

Gatazka hor da beti, baina ahalik eta urrutien gura da. Gatazkaren kudeaketarako masterrak, ostera, gero eta gehiago dira. 

Inpresioa dut hauteskunde kanpainan alderdiek ihes egiten diotela gatazkari. Ez da erakargarria. Gipuzkoan, adibidez, erraustegiaren inguruan gatazka handia dago, baina ez da ispilatu hauteskundeetan. Beste arazo bat: milaka langile egon daitezke hitzarmen kolektibo barik, eta horrek liskarra sortzen du gehiengo sindikalaren eta Jaurlaritzaren artean, baina hauteskundeetan jai.

Eskandalu soziala sortzen da argazkiak umetxoa hondartzan hilik azaleratzen duenean. Europar Batasunak eraiki gura duen harresiaren gaiak bat egiten du denboran kanpainarekin, baina hemen berriro ere jai. "Ez dugu eskumenik", esango du batek; "Eta, gainera, gai arantzatsua da”, pentsatu besteak: errefuxiatuak, immigranteak… Hobe alfonbra azpira.

Gutxiegi islatu da gatazka soziala hauteskundeetan, baina hori ere bada esanguratsua, noiz eta krisia geratzeko etorri denean. Legebiltzarrerako hauteskundeak eta bere emaitzak hor daude, herritarrak hautatu du eta kito. Baina horrek ez du gatazka soziala ezabatzen, ez eragile sozialen zilegitasuna txikitzen.

Urkullu lehendakariari ez zaio gustatzen "ardurarik gabeko" mugimendu sozialek alderdien jarduna "baldintzatzea". Kontua da hauteskundeek ez dutela beti errealitate soziala islatzen, eta eskerrak; demokrazia ordezkatzaileak ezin duela demokrazia parte-hartzailea ezabatu. Eta eskuinaren bake soziala eta egonkortasun mitikoa gatazkaz blai daudela.

Erraustegira itzulita, Gipuzkoako errealitate instituzionalak aurrera atera nahi du, baina kontsulta batean gipuzkoarren gehiengoak esango lioke ezetz, argi eta garbi, gainera. Ezetz?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak