Egongo dira baterako zein besterako arrazoi ugari eta bailarako komunikabideetan izan da horren inguruko hausnarketarik. Baina arrazoien artean agertzen da hondakinen kontua, edo atez atekoa gura bada, Arrasaten indarrean jarri ere ez dena EAJren eta EH Bilduren artean kontsentsuzko irtenbide bat adostu delako, Gipuzkoako beste hainbat lekutan moduan. Bada baikortasunerako tarterik, beraz, baina emaitzek esango dute.
Gipuzkoako gobernua galdu du EH Bilduk, eta, gainera, hainbat herritako galeretan izan dezakete zerikusirik atez ateko mamuek. Akaso ez du ondo saldu berau, ez du herritar multzo zabalen erosotasuna eta kontzientziarik eza ondo neurtu. Edo ez du ulertu pertsonaren askatasuna zer den. Ez da ohartu jasangarritasuna ondo dela eskola liburuetarako, baina nekez ezkontzen dela egungo etxeetako espazio txikiekin.
Ez da ohartu instituzioak bakarrik ezin duela, herritar antolatuen elkarte indartsu barik jai dagoela: ikusi Usurbil, Hernani, Oñati. Lurraldeko botere mediatiko eta faktikoei aurre egiteko indar barik amildegia zuela aurrez aurre. Bestelako aliatu politiko eta sozialik gabe zorro beltzetan zorabiatuko zela. Barruan ere gaizki neurtu du, ez baita ohartu ez dela herri bat armaz borrokatu independentziaren eta sozialismoaren bidean gero zaborretan itotzeko.
Bartzelonan bere programan hondakinen atez ateko bilketa aurreikusten duen Ada Colauk hobeto neurtuko ahal ditu kontuok. Edo Bolivian gauza bera egitera doan Evok.
Eskerrik asko, alabaina, Gipuzkoako funtziotako Diputazioari arazoa mahai-gainean jartzeagatik. Txipen bidezko edukiontzien kontsentsuak hondakinen %70-80 sailkatuta biltzea lortzen badu ez delako beharrezkoa izango Zubietako –eta ez Garagartzako– erraustegia.