Poz sentimendua barruan. Bizitzaren amaiera duintasunez egitea edozein pertsonak merezi duen eskubidea da, izan Galindo abizenekoa edo Uribetxeberria. Baina etakide ohiei nekez baimentzen zaie halakorik, zaurian eragitea Espainiako epaile askoren agerbide da, mendeku ez denean. Apirilaren 3an etxean espetxeratu eta uztailaren 18an aske utzi berriz. Tartean pertsona baten sufrimendua eta duintasuna, Ertzaintzaren gastuak, tentsioa… Non da zentzu juridiko edo politikoa? Irabazle eta galtzaileen logikan, ez konponbidea, bizikidetza eta duintasunarenean.
Uribetxeberriak ez du damurik agertu egindakoagatik, ezta beste euskal preso gehienek ere, eta horregatik beren preso eskubideen zanpaketaren errudun egin nahi dituzte. Ez zarete ateratzen nahi ez duzuelako. Ez ditu berbok erabili, baina halako zerbait esatera etorri da Josu Erkoreka, Jaurlaritzako bozeramailea, bere esana Espainiako Gobernuaren mendeku konponbidean sostengatuz: "Nahi duenak betetzen ditu espetxe administrazioaren baldintzak" (eta libre ateratzen da).
Baina Erkorekak ondo asko daki, eta bere alderdiko kide ugarik hala onartu dute hainbatetan, libre ateratzeko baldintza horiek gero eta zorrotzagoak direla: lehenengo atzamarra eskatu, gero eskua, besoa…
Azken finean, Espainiako Gobernuak –oraingoak edo hurrengoak– gatazkaren amaierari bestela begiratzen ez dion artean, gaitza izango da konponbideari duintasunezko amaiera ematea, eta edozein ministro edo epaile espainiar ager-zalek bere mendeku neurriak erakutsi ahal izango ditu, bai presoekin, estatuaren biktimekin edo makroauziekin.
Ezker abertzaleak ere –zeresanik ez ETAk– sakondu dezake begirada eta neurri berriak gehituz, baina aldebakartasunak ezin du dena konpondu.