Beste eredu bat posible da
COVID-19ak sortutako egoera honek zerbait positiboa eman badigu, pentsatzeko denbora izan da. Gelditu egin gaitu eta karreran bizi garenoi beste bizi eredu bat posible eta beharrezkoa dela erakutsi digu. Ezinbestekotzat genituenak kolokan jarri eta egunerokoa, gertukoa, balioan jarri dugu. Bizi garen lekua erdigunean jarri eta etorkizun jasangarri baterako ibilbidea marrazteko beharra dagoela konturatu gara. Energia konbentzional baten oinarritutako eredutik energia garbi batera eman beharreko trantsizioa ibilbide horretako giltzarrietako bat da.
Nire ustetan, eredu energetiko jasangarria da sorkuntza, kontsumo, garapen ekonomiko, sozial eta lurralde-ingurumenarekin bat egiten duena. Horretarako, hiru elementu nagusi bermatu behar ditugu: energiaren kostu jasangarria, lehiakortasuna eta ingurumenarekiko eta inguruarekiko bat etortzea.
Kostu altuan
Orain arteko ereduak sortutako kostu ekonomiko eta sozialak trantsizio energetikoa azkartu egin du. Europak trantsizioa hasi du, eta garaiz gaude eredu berri bateranzko olatua hartzeko. Tokiko eredu bat, non bertako eragile, herritar zein enpresek, elkarlanean, bertako transformazio energetikoaren alde lan egingo duten.
Herritarrak indar
Hasierako brindis honen ondoren, trantsizio energetikoan herritarrek daukaten garrantzia azpimarratu nahiko nuke. Trantsizioak era naturalean gertatu behar du, herritarrek diseinuan eta aplikazioan parte hartu behar dute. Aldaketa handien aurrean beti dago ziurgabetasuna; bidea pertsona arruntek aurrera eramaten dituzten ekintza txikiez egiten da. Trantsizioa guk geuk emango dugu, egunerokoan ingurumenarekin jasangarriak diren aspektuak txertatzen baditugu. Horregatik, herritarrei trantsizio energetikoaren partaide izateko erremintak eman behar zaizkie. Jabetu behar dute energia ez dela bakarrik gure garbigailuak, argiteria… martxan jartzen duen hori, partaidetza eta demokratizazioa ere badela.
Partekatu beharra
Informazio, formazio eta eztabaida taldeak beharrezkoak dira gaur egun bizi dugun egoera energetikoa azaltzeko eta aspaldidanik komunikazio foroek mitifikatu dituzten ideiei buelta emateko.
Ezinbestekoa da inguruan izaten diren proiektu pilotu eta lantaldeek aurrera eraman ditzaketen iniziatiba liderrak beste eragile batzuei gerturatzea. Faktura energetiko bat ulertzea, energia berriztagarrien bitartez sortutako energia komertzializatzaile kooperatibo baten partaide edota energia norberak bere lekuan sortzeko instalazio fotovoltaiko bat izatea. Iniziatiba hauek ingurukoak sentsibilizatu eta praktikan jarri den hori zabaltzeko baliagarriak dira. Beti kontuan izanda energiarik garbiena kontsumitzen ez dena dela.
Nork bere ekarpena
Horregatik esaten dut trantsizio energetikoa maila desberdinetan gertatu behar dela eta bakoitzak bere ardurarekin jokatu behar duela. Ez gaitezen iraganeko akatsetan erori; denbora beharko dugu, hau ez da egun batetik bestera egiten den gauza, ezta epe motzeko negozioa. Trantsizioa era natural eta ez inposatuan gertatzen bada, aukera asko zabal ditzake. Gure bailarari erreparatuz, bertako jarduera ekonomikoan eta enpleguan eragina izan dezake. Bertan dagoen ezagutza balioan jarri eta modu askotariko jarduerak sortu daitezke, berriak edota dibertsifikatuak. Fabrikazio, salmenta, ingeniaritza, muntaketa, instalazioan jarduten dutenak palanka ekonomiko berri baten sustatzaile izan daitezke, eta protagonismo hori inguruari bueltatu diezaiokete.
Jabetu behar dugu norbanakoak dugula energia eredu berriaren giltzatako bat, tokiko kudeaketan eta sorkuntzan oinarritutakoa. Bailara honek baditu ezaugarriak eta esperientzia trantsizio energetikoa era egokian gertatzeko. Gaur egun bizi dugun testuinguruak horretara bultzatzen gaitu; aprobetxatu eta egin dezagun bidea.