Erabakitzeko eskubidea (legalitatea eta legitimitate demokratikoa)

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Igartua 2016ko ots. 19a, 09:38

Estatus politikoa erabakitzeko herri galdeketa aldarrikatzen dutenen aurka ilegala dela argudiatzen dute batzuek, euskal herritarrok eskubide horren jabe ez garela nabarmenduz.

Kataluniako Diplomazia Publikoaren Kontseiluak (DiploCAT) antolatuta EHUn egindako mahai inguruan esandako aipamen interesgarri batzuk ekarri nahi genituzke:

Gizarte ekintzaren irismen bakarra momentuko araudian oinarrituko balitz, Neolitikoan egongo ginateke. Gizarte aurrerapenaren giltza legalitate/legitimitate binomioak dauka.

Demokrazia formalean zilegitasunak aldarazten du legea. Legeak ez du eskubiderik sortzen, aitortu baizik, eskubideak legeen aurretikoak direlako.

Demos edo komunitate batek, nazio batek kasu, etorkizuna bere kabuz erabakitzeko eskubidea du. Herriek aske izateko eskubidea dute, nola? Erabakitzeko eskubidea bermatuz.

Erabakia hartzen dugunean, orduan gauzatuko da erabakitzeko eskubidea. Legeak baino gehiago, erabakiak sortuko baitu eskubidea.

Gaur egun dugun adierazpen askatasuna, biltzeko eskubidea, manifestatzeko eskubidea... aurretiaz milaka herritar erabiltzen hasi ondoren gauzatu ziren. Berdin emakumeen bozka eskubidea zein langileek duten greba egiteko eskubidea eta zer esanik ez giza duintasun eskubidea; hau da, Hegoafrikan zein Ameriketako Estatu Batuetan beltza ala zuria izan, eskubide berdinen jabe izatea aldarrikatu zutenekoa. Hala nola Rosa Parks-ek uko egin zionekoa autobusean jesarrita zegoen eserlekua gizonezko zuri bati uzteari.

Legitimitatea gehiengoaren borondatea onartzea da, baldin eta gehiengoak gutxiengoaren menderatzea gauzatzen ez badu. Kataluniako zazpi milioi herritar ezin dira Espainiako 45 milioi herritarren artean gehiengoa izan. Berdina gertatzen da Euskal Herrian. Egiturazko gutxiengoek eskubidea dute beraien ahotsa kontuan hartu dadin, bestela gehiengoaren tiranian egongo ginateke, eta hori demokraziako arauen aurka doa. Printzipio demokratiko honen izenean, Kanadako zein Erresuma Batuko gobernuek onartu behar izan dute Quebeceko eta Eskoziako herritarrek –egiturazko gutxiengoa beraien estatuan– duten estatus politikoa erabakitzeko eskubidea.

Euskal Herriko edo Kataluniako herritarrok ez al gara Quebecekoek edo Eskoziakoek duten eskubidearen jabe?

----------

Xabier Igartua eta Felipe Uriarte

(Oñatiko Gure Esku Dago)

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak