Imajina dezagun euskara errusiar matrioxka bat dela, panpina baten barruan beste bat eta honen barruan beste bat duten horietakoa, alegia. Ba, sakonenenean liratekeen panpinatxoak hauexek. Toka gizonezkoen hitanoa eta panpinarik txikiena eta hauskorrena, noka, emakumezkoena.
"Fango gaittun, egingo xonau, ekarri nixonan, edo hik zer uste don, ba?", eta abar entzun ohi diot nire amari bere lagunekin diharduenean –zein ederra–. Baina testuinguru honetatik kanpo ez dut gehiago entzuten! Honek ardura, pena, sortzen dit. Uste dut, besteak beste, ezjakintasuna eta beldurra direla arrazoietako batzuk, erabilera okerraren beldurra. Toka, berriz, perfektu ez bada ere, oraindik dezente entzuten da, baita herriko gazteen artean ere.
Tratu informalarekin lotzen den aditz forma izaki, uste dut tokari eta bereziki nokari, agian, berorika zuzendu behar gatzaizkiola, transmisio lana egiteko ardura izan, erabiltzeari beldurra galdu eta gure lagun sarean txertatu.
Euskal matrioxka hau ez da inoiz osoa izango bere piezarik txiki eta bitxienari eusten ez badiogu. Gure ondorengoentzat ez dadila izan guretzat izan den bezain ikusezina.