Etorkizuneko autoak

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Berasategi 2023ko abe. 15a, 00:00

Pedro Harriketarrak ez du batere arazorik Dinorekin eta Pablorekin tronkomobilean bolatokira joateko.

Ez du gasolindegira joan beharrik, ezta entxufearen beharrik ere. Haren oinak eta, batzuetan, Pablorenak nahiko dira autoari propultsioa emateko.

Gaur egun, erosleari ziurgabetasun handia dakarkio autoa gasolinazkoa edo elektrikoa erosteak. Industriak ere ez daki ondo nora doan: gasolinazkoa, elektrikoa edo hidrogenozkoa. Zer esanik ez, ingurumenarendako izan dezakeen eragina batak edo besteak.

Eroslearen ikuspuntutik, gaur egun aukera gutxi daude auto elektrikoen eskaintzan eta, gehienbat, azpiegituretan. Gasolina edo gasolioa da irabazlea oraindik, eta elektrikoa aukera izateko azpiegiturak falta dira: elektrolinerak, entxufeak garajeetan…

Etorkizunak zer ekarriko digun inork ez daki. Argi dago auto elektrikoak gelditzeko etorri direla, baita hidrogenoa ere erregai garbi bezala.

Zein teknologiak irabaziko du? Hori ez da proposatu beharreko galdera, nolakoa izango den trantsizioa baizik. Teknologiei buruz oraindik duda asko daude: nola sortuko dugu indar elektrikoa bateriak kargatzeko? Zein lehengai behar dira bateriak ekoizteko? Zer egin bizitza galtzen dutenean? Zein energia mota erabiliko dugu hidrogenoa isolatzeko? 

Teknologia aurrera doa, eta, harekin batera, trantsizioa energiaren eta mugikortasunaren munduan. Autoei dagokienez, urteetan elkarrekin biziko dira teknologia horiek. Bitartean, automoziorako lan egiten duten enpresa ekoizleek euren trantsizioa bizi beharko dute. Hidrogenoak indarra hartzen badu gasolinaren ordezko erregai bezala, gaitz erdi! Aldaketa gutxiago. 

Gure inguruko enpresei begira, arriskua ekoizten ditugun piezetan dago, aldatzeko edota desagertzeko: motorrak, transmisioak, frenoak… Beraz, adi egon behar dugu, eta sortzen diren aukerak aprobetxatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak