Esaten dute behin aroztegian bilera egin zela. Erremintak beraien arteko gatazkak konpontzeko asmoarekin bildu ziren. Mailuak hitza hartu zuenean, bilera uzteko agindu zioten besteek, oso zaratatsua zela leporatuta. Honek errua onartu, eta Torlojua kanporatua izan zedin exijitu zuen, buelta gehiegi eman behar zaizkiolako ezer gutxi lortzeko. Torlojuak ere onartu zuen, baina, aldi berean, Metroa kanporatzea eskatu zuen, azken horrek besteen gainean epaiketak besterik egiten ez zuelako, bera perfektua balitz bezala… Arotza iritsi zenean, erreminta bakoitza trebeziaz erabili eta egurrezko aulki eder bat egin zuen. Aroztegia hutsik gelditu zenean, Zerrak hartu zuen hitza: "Jaunak, argi geratu da, akatsak akats, arotza gure gaitasunez baliatzen dela bere helburuak lortzeko. Horixe da baliagarri egiten gaituena. Beraz, ez dezagun gure akatsetan denbora galdu eta pentsa dezagun gure indarguneen erabilgarritasunean".
Gizakiok ere baditugu gaitasun propioak, eta, ondo koordinatuz gero, sinfonia ederra sortuko dugu.
Gaitasun horiek lantzea beharrezkoa da gizartearen onurarako. Desberdintasunetik, bakoitzak ahal duena eginez eta aldamenekoak bakean utziz, hauek badituzte-eta beraien zereginak. Tamalez, ez daukagu arotzik zuzendari lanak egiteko, baina bai gure gizartea osatzen dugun gutako bakoitzaren indarra. Ardurak, lanak, ahaleginak, tolerantziak, errespetuak, eskuzabaltasunak… lerrokatzen gaitu gure helburura bidean. Gutariko bakoitzaren bertsiorik onena behar dugu denok fruituaz gozatzeko.