Ondorengo ikasketa berriak

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Berasategi 2020ko api. 16a, 00:00

Gizakiak malguak gara eta malgutasun horrek laguntzen digu bizitza jasaten. Ohituradun animaliak gara baita ere; astegunean bakoitzak bere errutinak ditu: esnatzeko ordua, gosari berbera egunero, eguerdiko etenalditxoa, afaria prestatu… asteburuan lagunekin solasaldia, igandeko siesta… Eta bat-batean, etxean! Ohitu egin gara horretara ere. Gure atzoko errutinak ahaztu eta berriekin hasi gara: eskuak garbitu, lanera kafea termoan eraman, erosketak egiteko ilaratxoan zain, zortzietako txaloak, berriz eskuak garbitu… Benetan malguak gara eta malgutasun horrek lagunduko digu osasun krisia ahalik eta ondoen jasaten eta jada gure artera iritsi den krisi ekonomikoari aurre egiten. Noski, laguntza beharko dugu.

Enpresaren arloan, ohitura eta jarrera aldaketak bultzatu ditugu. Ez bakarrik ekoizpenean, zuzenezkoak ez diren aktibitateetan ere bai. Erreleboak txandaka, garbiketa sakonagoa, etxetik lana, bisitak eten, bilerak lau pertsonatara mugatu eta beste hainbat neurri jarri ditugu abian kutsadurak murrizteko. Aktibitateak jarraitu egin behar duelako, noski; betiere, pertsonen segurtasuna lehentasuna izanik. Aktibitatea behar dugu, bertatik baitator aberastasuna, hein handi batean. Aberastasuna, zergak ordaintzeko. Aberastasuna, gure errutinak mantentzeko, gure ohiturak, gure estatusa: erosketak, solasaldiak, osasun zerbitzuak, hezkuntza… Osasuna eta ekonomia ez dira kontrakoak.

Osasun krisia menperatzen ari garen bitartean, paraleloki, sektore guztietako aktibitateak behera egin du. Langabeziak gora egin du eta kontsumoak, behera. Laguntza beharko dugu. Erakunde ofizialen laguntza, elkarrekiko laguntza… Guk, norbanako bakoitzak, erakundeek… indarra, gogoa eta aukera daukagu krisi honi buelta emateko. Kutsadurak beheraka egiten duten heinean, berraktibatzea iritsiko da eta berraktibatze honekin aukera berriak baita ere.

Asko ikasten ari gara egun hauetan. Identifikatu ditzagun ikasketa horiek, eta erabili ditzagun aukera berriak sortzeko. Sarritan entzun dugun bezala, krisi honek aukerak ere ekarriko ditu.

Ikasketa horien adibideetako bat bilerak bideokonferentzia bitartez egitea da. Eraginkorragoak gara, bilerek gutxiago irauten dute, parte-hartzeak motzagoak eta sakonagoak dira. Bezeroekin harremana mantentze aldera, enpresa, denda eta negozio txikien artean Interneten erabilera areagotu egin da; batez ere, prozesu komertzialean: salmentak, publizitatea, eta abar.

Egun hauetan albisteetan ikusten ari garena ikusita, herrialde bezala ere aukera berriak ditugu: erosketa amankomuna, hornidura kritikoak ziurtatu, osasun munduan ikerketak bultzatu, eta abar.

Geopolitikari buruz ere ikasten ari gara. Globalizazioa, merkatu bakarra, mugikortasuna, aldaketa klimatikoa, hiri handietara migrazioa… Horrek ekarri al gaitu egoera honetara? Batek daki. Hala ere, etxeko produktua sustatzen ari gara, gure baserritarrek ekoizten dutena janez, gure arrantzaleek harrapatzen dutena erosiz... Maskarak ekoizten hasi gara, osasunaren industriarako makinak egiten ditugu eta esportatzen jarraitzen dugu. Glocala globala baino gehiago; bertan dago erantzuna. Globalizazioaren eta bertakoaren arteko oreka mantendu: globalizazioaz aprobetxatu eta etxekoa zaindu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak