Estrasburgoko epaiaren harira

Arduraz hartzen dugu urriaren 23an publiko egin zen Estrasburgoko epaia, ebazpena aldekoa dela ulertuta ere, honen irakurketari dagokionez ez baita esperotakoa izan. Izan ere, giza eskubideak urratuak izaten jarraitzea ahalbidetzen duela ulertzen dugu. Euskal presoek euren zigorra birritan betetzen jarraitu beharko dute, sententziak onartu arren prozedura judiziala okerra izan dela. Zigorren luzapenekin mantentzeari bide ematen baitio.

Gure iritziz, epai honek sufrimendua areagotu eta presoen auziari irtenbidea emateko urratsak baino gehiago oztopoak dakartza, mendekuan oinarritzen den lege bati aurre egin eta justiziaz jokatzeko eskatu beharrean, beste aldera begiratu eta egoera hau bere horretan mantentzea dakar. Hori da, hain justu, herrikide ditugun Joseba Arregiren eta Alberto Plazaolaren kasuetan epai honek ekarri duena: beraien eskubideen urraketari jarraipena emateaz gain, beraien eta senideen sufrimendua luzatzea eta areagotzea.

Horregatik, Espainiako Estatuari zigorrak luzatzea dakarren lege injustu hau bertan behera uzteko eskatzen diogu, mendekua eta gorrotoa alboratu eta elkarbizitza eta bakea oinarri dituen baldintzak eraikitze bidean lagun izan dadin. Zentzu honetan, Espainiako Kongresuko ordezkariei ere dei egiten diegu noranzko honetan jardun eta Europako araudiaren ezarpena aplikatzearen alde egiteko, legea aldatuz, behar bada, eta aurrera urratsak egitearen alde ekiteko.

Dena den, euskal jendarteari, orain arte bezala, elkarrekin aktibo mantentzeko deia luzatzen diogu, horrela soilik emango diogulako irtenbidea presoen auziari. Elkarbizitzan oinarritzen den jendartea osatu ahal izateko, urriaren 20an 40.000 lagun batu ginen Donostian, espetxe politika hau aldatzeko nahiak batuta, orain arteko manifestaziorik anitzenean.

Bide honi eutsi eta elkarrekin lanean jarraitzeko deian berresten gara. Orain Presoen egoera aldatzeko garaia delako, eta zigorren luzapenak amaitzeko unea delako.

----------

Xabier Arregi Murgiondo

Orain Presoak

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak