Etxera!

Euskal presoen eskubideen aldeko Sare plataformak deituta, agerraldi jendetsua egin genuen apirilaren 29an, etapa berri bati aurre egiteko asmoz, Donostian, Artzain Onaren katedralaren plazan, Salbuespen neurriak STOP, etxerako bidean oztoporik ez! lelopean.

Izan ere, hiru hamarkada luze iraun duen urruntze politikaren aurka bultzatutako aldarrikapen prozesuak bere fruituak eman baditu ere, politika hori gainditzeak ez du berarekin ekarri euskal presoen eskubideen urraketaren amaiera. Hor dugu, beste kasu batzuk ahaztu gabe, 77 urte dituen Joseba Arregi Erostarbe preso oñatiarrarena, 31 urte preso egon ondoren, eta bere adinagatik zenbait patologia izan arren, hirugarren gradua eskuratu eta hiru egunera, bigarrenez, kartzelatua izana. Datuak ere presoen eskubideen urraketaren erakusle gordinak dira: Lakuako Gobernuak onartutako hirugarren gradurako 42 gradu progresioetatik, 28 errekurrituak izan dira eta hamabi pertsona kartzelara bideratu dituzte, Fiskaltzaren eta Auzitegi Nazionalaren aginduz.

Urrats sendo berriak elkarrekin egin behar ditugu gradu erregresioen aurka eginez eta oraindik ere dirauten salbuespeneko legediak eta mendeku jarrerak bakearen, elkarbizitzaren zein konponbidearen mesedetan jartzeko. Izan ere, onartezinak eta salagarriak dira, beste eskubide urraketen artean, Espainiako 5/2003, 7/2003 eta 7/2014 legeen bidez espetxealdia 40 urtera arte luzatu ahal izatea edota beste bide batzuetatik ezarritako kondena deskontatzeari uko egitea.

Horregatik guztiagatik esaten dugu etxean behar ditugula. Donostiako agerraldian ozenki esan genuen bezala, espetxe-legediak berak babestutako aldarrikapena delako, eskakizun demokratikoa delako eta guztiz bateragarria delako indarkeria guztien biktima guztiek izan behar duten elkartasunarekiko eta errespetuarekiko.

Horregatik guztiagatik, bai, etxera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak