Euskal Herriko biztanle bakoitzak presoen eskubideen aldeko kilometro bana egitea zen 2020. urtean ezarri zen erronka, eta lorpena ospatzeko aprobetxatu genuen eguna.
Pozik egoteko moduan gaude, baina ez asebeteta. Jendartearen bultzadari esker eta indar politikoen eta sindikalen baturak lagunduta, gero eta hurbilago ikusten ari gara euskal presoen eskubideen urraketaren amaiera. Elkarrekin eginiko bidean lortutakoak azpimarratuz, gogorarazi behar dugu euskal presoekiko salbuespen legediaren ondorioak oraindik ere gainditu gabeko oztopoak direla bide horretan. Horren lekuko, Auzitegi Gorenak Europako Giza Eskubideen epaitegiaren epaiaren aurka hartutako erabakia Xabier Atristainen kasuan, eta, oraintsu, Mikel San Argimiroren eta Aitor Esnaolarenean ere. Euskal presoen gradu-progresioak edo espetxe-baimenak Auzitegi Nazionalak, Fiskaltzak bultzatuta, errekurritu eta atzera botatzen dituen kasu horiek guztiak herri gisa elkarbizitzarako egiten ari garen urratsen aurkakoak dira.
Baina ez dugu etsiko. Salbuespen legediaren amaiera aldarrikatzen jarraituko dugu, espetxe-politika ilegala eta ankerra amaitu arte. Gradu-progresioarekin eta baimenen kudeaketarekin gertatzen ari den blokeoaren amaiera eskatuko dugu, urruntze-politikaren amaierarekin batera. Presoen etxeratze prozesuari azken bultzada emateko prest gaudela, etxera bidea gertu dela eta etxera bidea egiten jarraituko dugula erakutsi dugu, etengabe. Eta, oztopoak oztopo, bide hori jorratzeari ekingo diogu, etenik gabe. Bilbon dugu gure hurrengo hitzordu garrantzitsua, urtarrilaren 7an, berriro ere, denok elkarrekin!